Migratutako emakumeen topaketei jarraipena emango diete Ondarroan
Urte berria hasteagaz batera, migratutako emakumeen topateketekin jarraituko dute Ondarroan. Topaketa gazteleraz izango da, eta hurrengo hitzordua zapaturako [urtarrilak 18] ipini dute; 17:00etatik aurrera batuko dira Etxelilan.
Ondarroako Udalaren, Lea-Artibai Amankomunazgoaren eta Etxelilaren eskutik non elkartu eta migrazio ibilbideari buruz non hausnartu edukitzeko espazio bat sortu zen, eta horri jarraipena emango diote. “Azken batean jendarte berrian dauden errealitate desberdinei buruzko hausnarketa bat egiteko espazio bat da”.
Udalak migratu beharra eduki duten emakumeei luzatu die zapatuko topaketarako gonbidapena. “Zenbat eta jende gehiago orduan, eta aberatsagoa izango da topaketa. Espazio hau, babeserako eta elkartasunerako txokoa izango da, migratu beharra eduki duten emakumeek beraien eskubideak zein diren ezagutzeko eta eskura dituzten baliabideak ezagutzeko”. Horrez gain, topaketan emakumeen kezkak eta zalantzak ere argitzen ahaleginduko direla azaldu dute.
Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziaren esanetan “migratutako emakumeen topaketa elkarrekin eraikitzeko espazio bat da, euren kezketatik abiatu eta zalantzak argitzen laguntzeko, beti ere, emakume eta langile ikuspuntutik”.
Topaketan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena. Izena emateko edo zalantzaren bat argitzeko Etxelilara (94-613 40 08; etxelila@ondarroa.eus; martitzenetik barikura, arratsaldez) edo Berdintasun sailera (94-683 36 70; rbaltar@ondarroa.eus; astelehenetik barikura, goizez) jo beharko dute.