Pakita Urresti, Idoia Agirre eta Ramoni Osa izan dira Zatozteren Gabonetako zozketaren irabazleak
Zatozte merkatari elkarteak, guztira, 2.250 euro banatu ditu saritan. Gabonetako zozketa bereziaren osagarri legez, Zu zara herria! kanpaina ere abiatu du herriko merkatari elkarteak.
Urtero egin legez, aurten ere Gabonetako zozketaren txartel saridunak banatu ditu Ondarroako Zatozte merkatari elkarteak. Zozketa aurreko astean egin zuten Alamedan, eta zenbaki saridunen jabeek gaur [urtarrilak 15] goizean pozez gainezka jaso dituzte elkarteko denda eta tabernetan gastatzeko txeke bereziak. Ohitura bihurtu den modura, talde argazkia ere atera dute. Pakita Urresti, Idoia Agirre eta Ramoni Osa saridunak Alamedan batu dira, Zatozteko hainbat ordezkarirekin batera.
Lehen sariari dagokionez, Pakita Urrestiri egokitu zaio saria. Urresti Sustrain saldutako 109.621 zenbakiaren jabea izan da. Bigarren sariaren irabazlea, berriz, Idoia Agirre izan da. Agirre Idoia tabernan banatutako 101.927 zenbakiaren jabea da. Hirugarren saria, azkenik, Ramoni Osarentzat izan da. Zotz egindako hirugarren sariaren zenbaki sariturik ez da agertu, eta azkenean, Kurike dendan saldutako 104.905 zenbakiraren (2. ordezkoa) jabea izan da saritua.
Elkarteak, guztira, 2.250 euro banatu ditu saritan; 50 euroko bonoetan banatuta, 750 euroko hiru sari zozkatu ditu azken kanpainan erosketak egin dituztenen artean. Sarituek lau hilabeteko epea edukiko dute elkarteko saltokietan gastatzeko.
Aurten baina, Gabonetako zozketa bereziaren osagarri legez, Zu zara herria! kanpaina ere abiatu du estreinako Zatoztek. “Aurten zozketa bakar batean diru kopuru gehiago zotz egin beharrean, diru hori banatuago lagatzea erabaki dugu. Urte guztian erosketak egiteko gu aukeratzen gaituzten bezeroak saritu nahi ditugu. Azken finean, horien guztien leialtasuna eskertu nahi dugu”.
Elkarteko arduradunek jakitera eman dutenez, beste 2.250 euro banatu dituzte bezeroen artean 2020an. Agertu dutenez, bi hilabetetik behin 50 euroko bonoetan 450 euro zozkatzeko asmoa du herriko merkatari elkarteak. Zehatz esanda, saridun bakarra edukiko duen bost zozketa egingo dituzte martxoaren, maiatzaren, uztailaren, irailaren eta azaroaren amaieran. “Kanpaina ohiko Gabonetako zozketa bereziagaz amaituko dugu”.
Zozketan parte hartu nahi dutenek hiru saltokitako erosketa tiketak batu, eta Zatozteko dendetan eta bulego nagusian esku-eskura ipinitako kutxetan sartu beharko dituzte, norbere izen-abizen eta telefono zenbakiagaz batera. Ostean, kutxa guztietako tiketak batu eta zozketa egingo dute.