Apustu etxearen aurka ekintza bat egitearren salaketa jaso dute bost ondarrutarrek
Salaketa jaso dutenek gaur joan behar zuten jakinarazpenaren bila Ondarroako Ertzain Etxera, baina abokatuaren gomendioz, ez bertaratzea erabaki dute.
Duela gutxi Ondarroan zabaldu zuten apustu etxearen aurka Gabonetan egindako ekintza baten harira, salaketa jaso dute Ondarroako Apustu Etxeen Aurkako Plataformako hainbat kidek. Atzo [urtarrilak 15] eta gaur [urtarrilak 16], hain zuzen, plataformako bost kidek Ondarroako Ertzain Etxetik bertaratzeko deia jaso dute. Telefonoz jakinarazi dietenez, salaketa bat dago euren aurka, ustez, Gabonetan Ondarroako apustu etxean ikatza lagatzearren. “Ertzainek telefonoz esan digutenez, egun horretako ekintzari buruzko salaketa jasotzera joan behar dugu”.
Gaineratu dutenez, ekintzan parte hartu zutenetako batzuk bakarrik jaso dute jakinarazpenaren bila joateko deia. Zehatz esanda, plataformako dozena bat lagunek parte hartu zuten ekintzan Olentzero mozorrotuta; ikatza eraman zuten apustu etxera eta behegainera bota ondoren, bertatik atera ziren. “Apustu etxeak merezitako opari bakarra eraman genuan: ikatza. Hori delako apustuak, jokoak… eta orokorrean herritarren kontura etekina ateratzen duen establezimendu batek merezi duen bakarra!”.
Gaur [urtarrilak 16] joan behar zuten Ertzain Etxera salaketa jakinarazpenaren bila, baina agertzeko asmorik ez dutela adierazi dute. “Berez gaur joan behar ginen denok, baina azkenean ez doa inor. Abokatuak ez joateko gomendatu digu”.
Nabarmendu dutenez, salaketa jaso arren ere, apustu etxea “itxi arte” egoera salatzen jarraituko dute. “Guk argi eta garbi dugu horrelako mehatxuek, salaketek eta jazapenek ez gaituztela ez ixilduko, ez kikilduko herritarron prekarieteagaz probetxua aterata nahi dutenen aurren. Are gehiago, arrazoi gehiagogaz ekingo diogu hasitako borrokari”.
Arazoaren larritasun ikusita, herritarrak dagoen egoeraren garrantziaz ohartaraztea nahi dute, eta plataformak antolatuko dituen hurrengo mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte. “Apustu etxeen arazoa ezta bakarkakoa, kolektiboa baino; herritar guztion da! Goazen berandu baino lehen arazo larri honi aurre egin eta apustu etxea betirako ixtera”.