Arrantzale tradizionalek antxoa kuota bera edukiko dute
Pelagikoen erabiltzaileek eta teknika tradizionalak erabiltzen dituzte arrantzaleek Bilboko ituna beste urte batez indarrean mantentzea erabaki dute. Kuota aldaketarik egongo ez bada ere, pelagikoen erabiltzaileek sei aste arinago hasiko dute kanpaina.
Sare pelagikoen erabiltzaileek (Lapurdiko eta Frantziako arrantzaleek) eta teknikak tradizionalak erabiltzen dituzten (Bizkaikoek, Gipuzkoakoek eta Espainiakoek) arrantzaleek batzarra egin dute egunotan Getarian, eta akordioa, azkenean, aldaketa gutxi batzugaz berritu dute. 2009tik Bilboko ituna delakoak arautzen du Bizkaiko Golkoko antxoaren arrantza, eta abenduaren 31ean iraungi ostean, beste urte batez indarrean mantentzea erabaki dute.
Madrilgo eta Parisko arrantza agintariek egunotan zehaztuko dituzten agiri teknikoak falta badira ere, kanpaina berriak ere indarrean mantenduko ditu azken urteotako neurri gehienak. Hori bai, baimendutako kuotan aldaketa handirik ez badago ere, pelagikoekin arrantzan aritzen direnek sei aste arinago hasiko dute kanpaina.
Bilboko itunaren arabera, aurretik, teknika tradizionalen erabiltzaileek martxoaren 1ean hasten zuten kostera; pelagikoen erabiltzaileena, aldiz, ekainaren 1ean. Bi arrantza motek topo ez egitea da helburua, eta trukean sare tradizionalekin aritzen diren arrantzaleek 1,7 milioi kiloko kuota ematen zieten pelagikoekin arrantzan ibiltzen direnei. Aurten, berriz, apirilaren 15ean hasiko dira pelagikoekin arrantzan dabiltzanak.