Mende erdi pasatuta, indartsu jarraitzen du Lekeitioko Bonbilloneko erregeen kabalgatak
50 urte baino gehiago dira Juanito Zugadi Goitia ‘Bonbillon’ eta herriko kuadrilla batek Bonbilloneko erregeak asmatu zituztenetik. Herriko ospitaleari laguntzeko hasi zuten ekimena.
Bonbilloneko erregeek Lekeitioko kaleak zeharkatu dituzte aurten ere. Uribarren eta Abaroa ospitale eta umezurztegiko behartsu, ume eta gaixoei laguntzeko orain dela 50 urte baino gehiago sortutako ohiturak aurrera jarraitzen du gaur egun ere, beti bezalako harrera onagaz. Errege Egunez Lekeitioko kaleak zeharkatzen dituzte erregeek garabia gainean.
Juanito Zugadi Goitia Bonbillon eta hark Dendari kalean zeukan Bonbillon tabernan batzen ziren txikitero batzuk jarri zuten abian ekintza berezia. Bonbillon taberna handi bat zen, eta hango nagusia Juanito Bonbillon umore on eta bihotz handiko gizona. Eskuzabala zen bezeroekin, kuadrillak bertara joan eta batzuetan kobratu ere ez zien egiten hartutakoa, eta behar zutenei laguntzeko prest zegoen beti. Lekeitioko ospitalera eramateko gauzak batzen zituen tabernan. Herritarrek bertara eramaten zituzten arropa, lehengai edota janariak, eta ostean, berak denak eramaten zituen ospitalera. Txanbil handi bat ere bazeukan tabernan, eta bertara joaten zen txikiteroek botatzen zuten dirua, hori ere ospitalerako.
Urte batean espero baino janari eta lehengai gehiago batu zituen. Hori dena eskuz eramatea lan handia zen, eta zer edo zer asmatu behar zuen eramateko. Txikitero batzuek Pedro Atxurra Aldeko-k Mendexako Aldeko baserrian asto bat zeukala, eta hari galdetzeko esan zioten. Hala, Aldeko bertatik igaro zenean, asmoa azaldu zion. Baina kontua ez zen horretan geratu bakarrik. Erdi benetan eta erdi olgetan, hospitaleko errege izango ote ziren galdetu zien tabernan ohikoa zen kuadrilla bati. Txantxa artean elkar animatu, eta horrela, astoa erregeek lagunduta eramatea erabaki zuten, baina ez Errege Egun bezperan, Errege Egunean bertan baino.
Kabalgatarako, baina, arropak behar zituzten. Beste herri askotan bezala, Erregeen kabalgata bazegoen Lekeition ere, Don Antonio Zamora apaizak antolatutakoa. Gaur egun bezala, Errege bezperan egiten zen kabalgata dotore hori herrian zehar. Beraz, Don Antoniorengana joan ziren aurreko egunean erabiltzen zituzten errege arropen eske.
Beti parrandan eta beti txantxetan ibiltzen zen kuadrilla hura, eta mesfidantzaz hartu zuen eskaria hasieran herriko apaizak. Beraz, kontatzen ziotena egia zela ziurtatzeko, Bonbillonera joan zen, eta esaten ziotena egia zela bermatu eta asmo onak zituztela ikusita, arropak utzi zizkien Don Antoniok. Ez hori bakarrik, Accion Catolican zenbiltzan emakumeak ere bidali zituen laguntzera. Bost edo sei egon ziren kuadrillari janzten laguntzen.
Astoa, berriz, Mendexako andre bik prestatu zuten, eta janariz beteta eraman zuen ospitalera Madalena baserriko gurdia.
Viejita. Pedro Atxurraren izeba Mendexatik Lekeitiora joan-etorrian ibiltzeko zeukaten astoa Aldeko baserrian. Astoa zahar xamarra zen, eta horregatik Viejita izena jarri zioten. Zeukan adinagatik, gauza guztiak ezingo zituela eraman esaten zioten txantxetan Bonbilloni. Astoak erreuma zeukan atzean, baina, hala ere, tente jartzen zenean bazeukan indarra. Bidaia egiten zuen Lekeitioraino, baina altxatzen lagundu behar zitzaion. Gerriko hezurra ere okertuta zeukan, eta Juanito arduratuta zegoen, bildutako guztia eraman ahalko ote zuten. Baina astoa ikusi zuenean, egokia begitandu zitzaion. «Asto honek eramango ez ditu ba denak» esan zuen, eta muxuak ere eman zizkion asto zahartxoari berari zegokion umore onagaz.
1968 urtean irten zuten erregeek eta Viejitak lehenengoz. Erregeak hiru ziren, eta beste hiru paje. Ramon Aranbarrik, Luis Mari Erkiaga Kinkik eta Luis Mari Arrasate Bonbilliak egin zuten erregeena. Laguntzaileak, ostera, Pedro Atxurra Aldeko –, Viejita astoa eramaten–, Jose Basterrika Galbani eta Jose Sesma –otzara bategaz atzetik– izan ziren.
Urtebete beranduago, Bonbillia itsasora joan zen, eta ordezkoa behar zuten Baltasar erregearena egiteko. Beste herritar bat prestatu zen errege joatera, Jose Etxaburu. «Nik ere zerua irabazi behar dut, eta joango naiz», esan omen zuen. Bonbillongo tximiniako ikatzagaz baltzitu zuen aurpegia, eta amaieran, ezin kenduta ibili zen.
Kalejiragaz gainera, jaia edukitzen zuten gero ospitalean. Dantzan egiten zuten nagusi guztiekin, laguntzagaz gain konpainia ere eramanez. Ondoren bazkaltzera eta pilota partiduak ikustera joaten ziren errege jantzita, giro ona leku guztietara eramanez. 12:00etan jarri zuten irteera ordua, eta ordu berean irteten jarraitzen dute gaur egun ere Bonbilloneko erregeek herrian zehar.
Kalejira txikia. Gaur egun herriari buelta handia ematen zaio, baina lehenengo urtean kalejira txikia egin zuten. Izan ere, dena prestatuta zeukatela uste zutenean, txistularia falta zutela konturatu ziren. Miguel Arrieta Lekeitioko Bandako zuzendariari eskatu zioten txistua jotzeko, baina eguerdian Mutrikura joan behar zuen autobusez familian bazkaltzera. Taxia hartuko zuela erabaki zuten orduan. Hala eta guztiz ere, Arrietak eguerdirako joan beharra zeukan, eta buelta txikia eman behar izan zuten. Dendari kalea jaitsi, plazatxotik Eskolapera eta handik ospitalera abiatu ziren. Bigarren urtean, ostera, buelta handiagoa eman zuten Talatik ere igarota.
Herritarrek gogo onez hartu zuten ekimena, baina botilak emateko zergatik ez ziren pasatu taberna eta dendetatik galdetu zieten. Tabernek ere, orduan, donazioa egiten zuten ospitalerako, eta, beraz, hurrengo urteetan denetatik pasatzen hasi ziren emandakoak jasotzeko.
Bilbotik ere ailegatzen zen laguntza. Baracaldes tabernako nagusiak ere hainbat lehengai batzen zituen Lekeitioko Bonbillonerako. Makailaua, arropak… Denetarik.
Hala, hirugarren urtean astoak eramateko baino gauza gehiago batu zituzten. Mando bat ekarri zuten orduan gurdia eramateko, eta hurrengo urteetan Maderas de Lekeitioko garabiagaz egiten hasi ziren buelta.
Bonbillon taberna itxi zutenean, Sokamuturra tabernara igaro zen ospitalerako bilketa. Gaur egun itxita dago taberna hori ere, eta orain, Patxeka tabernatik irteten du kabalgata bereziak herrian zehar kalejira egitera.
Orain Olentzero ere ateratzen da Bonbilloneko erregeekin batera, lekeitiarrek denak batera agurtu ahal izan ditzaten.