Markina-Xemeingo Kiroldegiko beharginek bertan behera utzi dute asteleheneko greba deialdia
Negoziazio mahaia zabalik daukate Bizkaiko kiroldegietako beharginek eta patronalak. Erabakitakoaren arabera jakinaraziko dute deituta dituzten beste greba egunekin zer gertatuko den.
Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegiko langileek bertan behera utziko dute astelehenerako [urtarrilak 20] deituta zeukaten greba deialdia. Momentu honetan negoziazio-mahaia zabalik daukate Bizkaiko kiroldegietako langileek eta patronalak, eta erabakiak hartu bitartean asteleheneko mobilizazioa bertan behera uztea erabaki dute.
Aste osorako zeukaten eginda greba deialdia, eta proposamen edo akordioen arabera, astelehenean jakinaraziko dute hurrengo egunetan zer gertatuko den.
2019ko maiatzean hasi zituzten mobilizazioak sektorean lan hitzarmena hobetzea eskatzeko. Lan hitzarmena egungo errealitatera egokitzea eskatzen dute langileek: besteak beste, 35 orduko lan astea, KPIa gainditzen duten soldata igoerak, eskolak prestatzeko orduak, ikastaroetako jende kopurua txikitzea, eta soldata igoera lortu nahi dituzte.