Transexualitatea izango du ardatz Markina-Xemeingo zinema eta literatur zikloak
Bi pelikula proiektatuko dituzte astelehenenan [urtarrilak 20] eta eguaztenean [urtarrilak 22], kultur aretoan.
Zinema eta literatura lotzen dituen zikloari jarraipena emango diote datorren astean Markina-Xemeingo Herri Bibliotekak eta Uhagon kulturguneak. Bi pelikula proiektatuko dituzte astelehenenan [urtarrilak 20] eta eguaztenean [urtarrilak 22], kultur aretoan. Emanaldi biak 18:30ean izango dira, eta zine forumagaz borobilduko dituzte.
Ohi modura, bi egunetako zikloa gai baten ingurukoa izango da, eta, gainera, egileak emakumezko bat eta gizonezko bat dira, gai beraren aurrean daukaten ikuspegia aztertu ahal izateko. Oraingoan transexualitatea izango da zikloaren ardatza.
Horrela, astelehenean John Cameron Mitchellek zuzendutako Hedwig and the angry inch (2001, 91’) komedia musikala emango dute. Hedwig Robinson rock and roll banda bat zuzentzen duen emakume transgeneroaren bizitza kontatzen du filmak. Eguaztenean, berriz, Mariana Rondon zuzendariaren Pelo malo (2013, 93’) proiektatuko dute, bere sexualitatea ezagutzen hasten den eta estereotipoekin hautsi nahi duen gaztetxo baten istorioa.