Izaro Aranburu aulestiarra nagusitu da Bizkaiko Kros Txapelketan
Aulestiarrak 18 urtez azpikoetan jantzi du urrezko domina. Bestalde, Lekeitioko Tximista taldekoek bi brontzezko domina lortu dituzte Bizkaiko Kros Txapelketan.
Bizkaiko Kros Txapelketa jokatu zuten domekan, Berrizen eta 18 urtez azpikoetan Durango KTko Izaro Aranburu aulestiarra izan zen azkarrena. Kategoria berean lehiatu zen Urtza Agirre ondarrutarra eta podiumetik gertu geratu zen; bosgarren sailkatu zen. Gainera, Durangoko taldeak lortu zuen taldekako sari nagusia kategoria horretan.
Lekeitioko Tximista Atletismo Taldea, berriz, bi brontzezko dominagaz bueltatu zen etxera. Tximistako lau atletak parte hartu zuten: June Markes, Jule Arkotxa, Aiora Agirregomezkorta eta Lorea Erekatxo. Lehenengo biak 18 urtez azpikoen kategorian lehiatu ziren, eta Arkotxak brontzezko domina bereganatu zuen.
Agirregomezkortak eta Erekatxok 20 urtez azpikoen kategorian parte hartu zuten. Erekatxo hirugarren postuan sartu zen podiumean, eta Agirregomezkorta bosgarren sailkatu zen. “Urtebete lesionatuta egon ostean, ondo errekuperatu da eta berriro lehiatzen hasi da”, azaldu dute Tximistaren ordezkariek.
Bestalde, Tximistak talde modura, Euskadiko Kopan parte hartuko du absolutu mailan, zapatuan [urtarrilak 25] : “Euskadiko zortzi talde honenak parte hartzen dabe eta sailkatzea lortu dogu laugarren urtez jarraian”.