Sahararen aldeko 16. Elkartasun Karabanarako janari bilketa, Ondarroan
Astelehenean [urtarrilak 20] hasi eta barikura [urtarrilak 24] bitartean herriko hiru ikastetxetan ipinitako kutxetan ari dira janaria batzen .Barikuan eta zapatuan herriko denden kanpoaldean egongo dira boluntarioak
Sahararekiko elkartasun taldeen koordinazioaren barruan, Sahararen Aldeko 16. Euskal Karabanarako janari bilketa egiten ari da aurten ere Ondarroako Yaalah elkartea, Ondarroako Udalaren laguntzagaz.
Gaur [urtarrilak 20] hasi eta barikura [urtarrilak 24] bitartean, Zaldupe eskola publikoan, Zubi Zahar herri ikastetxean eta institutuan ipinitako kutxetan ari dira janaria batzen. Dena dela, herritar guztiek euren ekarpena egin ahal izateko, bariku arratsaldean eta zapatu goizean herriko denden kanpoko aldean egongo dira boluntarioak.
Elkartekoek zehaztu dutenez, ondoko jakiak behar dituzte: arroza, pasta, atun eta sardina kontserbak, azukrea, lekaleak eta konpresak.
Martxoan aterako da euskal karabana. «Helburu nagusia da herri sahararrari ahalik eta elikagai gehien eramatea, Tindufeko (Algeria) errefuxiatuen kanpalekuetan pairatzen duten elikagai falta leuntzeko», esan dute Yaalah elkarteko kideek.
Boluntarioen falta. Barikuan eta zapatuan herriko denden kanpoaldean egoteko boluntarioen beharra dutela ere azpimarratu dute. «Laguntzeko prest daudenek posta elektroniko bat idatzi ahal digute (yaalahelkartea@gmail.com) edo telefonoz deitu (628 98 68 39)».
Azaldu dutenez, saharar errefuxiatuek 40 urtetik gora daramatzate euren herritik kanpo, Algeriako desertuan. «1975ean Marokok egindako inbasioarengatik daude beraiena ez den lurraldean, eta oraindik gatazkak konpondu gabe jarraitzen du. Naziorteko laguntzak eusten ditu saharar errefuxiatuen itxaropenak».