Urtarrilaren 30eko greba orokorra girotzen hasi dira Leketion kalejira feministagaz
Greba batzordeko kideek azpimarratu dutenez, "jende dexente" batu zen protesta koloretsu eta zaratsuan.
Eguraldi txarrak zapatuan [urtarrilak 18] egin beharreko kalejira bertan behera laga ostean, lekeitiarrek domekan [urtarrilak 19] egin zuten urtarrilaren 30eko greba orokorra girotzen hasteko kalejira feminista. Euskal Herriko eskubide sozialen kartaren greba batzordeko kideek azpimarratu dutenez, “jende dexente” batu zen protesta koloretsu eta zaratsuan. “50 bat lagun batu ginen kalerik kale”.
13:00etan hasi zen Eskolapetik mobilizazioa, eta handik hainbat txoko zeharkatu zituen protestak. Hainbat aldarrikapen zabaldu zituzten kalerik kale mezuz beteriko petoak soinean, eta tabernetan eta kalean zeudenen artean eskuorriak banatu zituzten.
Greba eguna ailegatu bitartean beste hainbat ekintza prestatu dituztela jakitera eman dute Lekeitioko greba batzordeko kideek: mahai ingurua, giza katea, auto karabana…