Adikzioak dituzten gazteen guraso eta familiei zuzendutako formakuntza espazioa eskainiko du Lea-Artibai Amankomunazgoak
Ana Estevez Deustuko Unibertsitateko irakasle eta adikzioen gaian adituak gidatuko ditu saioak. Parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik.
Lea-Artibai Amankomunazgoak gazte kontsumitzaileen guraso eta familientzako formakuntza espazio bat zabalduko du adikzioaren gaia lantzeko. Ana Estevez Deustuko Unibertsitateko irakasle eta adikzioen gaian adituak gidatuko ditu saioak.
Amankomunazgoko Prebentzio Zerbitzutik argitu dutenez, espazioa, hain zuzen ere, jada adizio arazoak dituztenen guraso eta familiei zuzenduta dagoela argitu dute. «Egoera ezberdinak sortzen dira familia horietan, eta denen artean lantzeko espazio bat sortu nahi da». Horrez gain, familiek hala ikusiz gero, euren artean talde bat ere sortu ahalko luketela azaldu dute, “elkarren sostengu edo laguntzarako”.
Gogora ekarri dutenez, guraso batzuk hala eskatuta, mahai inguru bat egin zuten duela urte bete, tratamenduak eta baliabideak ezagutzeko. Hurrengo pausoa ikastaro baten forma duen espazio hau sortzea dela zehaztu dute. “Familiek sortu dezaketen sinergiak garrantzitsuak dira, saioetan lantzen dutenegaz gain komunitate bat sortu eta dituzten kezkak partekatzen jarraitu dezakete horrela, saioak amaitutakoan ere. Badaude familiak adikzioen arazoa bakarrik daramatenak eta partekatuta gauzak arindu egiten dira”.
Hasiera. Sei saio izango dira guztira, bakoitza bi ordu ingurukoa, eta hilero egongo da saio bat. Formakuntza espazioa eguenean [urtarrilak 23] hasiko da lehen saioagaz, eta ekainera arte luzatuko da. Amankomunazgoan emango dira saioak eta Lea Artibai Amankomunazgoaren parte diren udalerri guztietakoek parte hartu dezakete. Parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik Lea Artibai Amankomunazgoan bertan, telefonoz deituta (94-616 90 78) edo prebentzioa@lea-artibai.org helbide elektronikora idatzita. Interesa izan dezaketen guztiak deitzera animatu dituzte.
Bestalde, aurreko ikasturteetan bezala, nerabeei edo horien gurasoei zuzendutako prebentzio neurri gisako lanketak ere antolatuko dituztela aurreratu dute. ” Oraingoan, baina, adikzio arazo handiagoak dituzten gazteak eta esku hartzeko baliabideak garatuko ditugu”.