Babestutako landare bat suntsitzea leporatu dio Eguzkik Lekeitioko Udalari
Santa Katalina pasealekuan zegoen landarearen habitata lehengoratzea eskatu diote. 'Lavatera arborea' landarea Euskal Herrian oso urria dela azaldu du talde ekologistak.
Eguzki ekologista taldeak Santa Katalinako pasealekuan zegoen Lavatera arborea, Euskal Herrian mehatxatuta dagoen landarea, suntsitu izana leporatu dio Lekeitioko Udalari. Udalak “arduragabekeriaz” jokatu duela esan dute, eta jarrera aldatu eta mehatxatutako landarearen habitata, ahal bezain laster lehengoratzea eskatu diote, “guztiona den bioaniztasunari zor diogun errespetuagatik”.
Eguzkikoek jakitera eman dutenez, Lavatera arborea malmaren familiakoa da. Maiatzetik aurrera agerian usten du loraldi ikusgarri bat, garaieran bi metroak erraz gaindi ditzake eta itsasoko eraginpean eta oso nitrogenatuak diren lurretan bizitzea du gustuko. “Euskal Herrian oso urria da, izan ere, ezagutzen zen populazio bakarra, Izaro irlarena zen. Horregatik, espezie hau mehatxatutako Euskal landareen katalogoaren barne dago kaltebera babes-kategoriarekin”, azaldu dute.
Kaltebera babes-kategoria izatean, espezie berari edo berau bizi den habitatari edonolako jazarpena egitea delitutzat eta ez arau-hauste soiltzat hartzen dela zehaztu du Eguzkik. “Horrez gain, kaltetutako habitata lehengoratzera behartzen da nahitaez. Beraz, esan beharrik ez dago tamaina handiko arazo baten aurrean aurki gaitezkeela espezie honi kalteak sorraraztean”.
Orain dela urte batzuk, Lavateren hazien garraiolariak diren kala-txoriak tarteko, Santa Katalina 8ko txaleta eta ondoko edukiontzien artean, Lavatera arborea populazio txiki baina osasuntsu bat sortu zela azaldu dute. “Populazio berri hori 60 landare ale inguruk osatzen zuten 50 metrotan zehar barreiatuta”.
Mozketa. 2016 urtean udalak Santa Katalinako pasealeku berriaren lanak hasi zituen, eta Santa Katalina, 8ko txaletaren inguruko zatia egiterakoan, Lavatera arborearen 20 bat ale erauzi zituztela azaldu dute, “multzorik sendoena desagerraraziz”. Hala ere, egindako bide-harresia eta amildegiaren artean, 1-3 metroko zabalera zuen tarte bat libratu zela diote, bertan 40 ale irauten zutelarik egoera oso onean. “Hilabete batzuk beranduago, baina, pasealekuko langile talde batek Lavatera guztiak erauzi zituen. Kale erdian zeuzkaten pilatuta guztion erakusgarri. Langileak harresiaz bestaldeko tarte hori lorategi bihurtzen ari ziren landare aromatikoak landatuz eta horretarako, lehenengo, belar-txar guztiak kendu behar”.
Langileei egindako astakeriaz ohartarazi zietela diote Eguzkikoek, eta Lavaterak berriro lehenbailehen landatu zitzaten eskatu zieten kasu egin ezean Ertzaintzari deituko ziotela mehatxatu ondoren. “Udaletxera jo genuen gertatutakoaren berri ematera. Udaletxeko teknikariak ez zuen Lavatera landarearen ezagupenik ez eta Lekeitioko populazioaz ere. Azalpen mordoa eman genion eta langileekin eginikoa, ere bai. Halaber, ohartarazi genuen lorezainek ere jakinaren gainean egon behar zutela landare-altxor hau zaindu zezaten”. Ondorioz, landareak berriro landatu zituzten langileek, hala ere, aleen erdia oso kaltetuta geratu zela azaldu dute.
2017an, berriz ere, udaletxeko lorezainek Lavateren bizitokia ebaki zutela gaineratu du Eguzkik, 2 metroko landare bat zerraz ebakita, eta 2018 eta 2019 urteetan ere, udaletxeko langileek, leku berean mozten jarraitu zutela kontatu dute. “Orain belarrak besterik ez daude, eta bakarrik Lavatera bik eusten dute horman motosegatik libre”.