Ispasterko belaunaldien arteko proiektua saritu dute
Bizi Ispasterko Nagusiak Elkartearen, Ispasterko Eskolaren eta guraso elkartearen belaunaldi arteko proiektua saritu du Eusko Jaurlaritzak. 2019ko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariak Zanbranan banatu dituzte.
Elkartrukea beti da aberatsa. Ondo dakite hori Ispasterren, eta esperientziak partekatzeko sortu zuten eskolak eta nagusien elkarteak belaunaldi arteko proiektua. Elkarrengandik asko ikasi dute. Bidelagun egin dira, eta ikasturtez ikasturte hainbat alor lantzeko aukera daukate.
Bizi Ispasterko Nagusiak Elkartea, Ispasterko Eskolak eta guraso elkarteak elkarlanean egiten duten belaunaldi arteko proiektua aitortu eta saritu dute, beste behin.
Eusko Jaurlaritzaren 2019ko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariak aurreko eguaztenean banatu zituzten, Arabako Zanbrana herrian, eta bertan egon ziren Ispasterko nagusien elkartearen eta eskolaren ordezkariak.
Envejecer no es sinĂ³nimo de perder calidad de vida izeneko proiektuagatik, Zanbranako udalari eman zioten lehen saria eta horregatik banatu zituzten bertan. Hain zuzen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatu diren adineko pertsonentzako ingurune lagunkoiak sortzeko hiru proiektu aitortu ditu Jaurlaritzak.
Libe Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordeak 2019ko ediziorako aurkeztutako zortzi hautagaitzen balioa azpimarratu zuen sari banaketa ekitaldian.
Alzheimerra duten pertsonei zuzendutako Ai Do Project Dantza konpainiaren eta Afagi, Alzheimerra edo beste dementzia dutenen senitartekoen, lagunen eta pertsonen beren Gipuzkoako elkartearen Invisible Beauty proiektua izan zen aitortutako hirugarrena.
Euskadi Lagunkoia programaren barruan banatutako sariak dira, eta Nagusien elkartetik denen izenean aurkeztu zuten hautagaitza. “Elkarteko bi, eskolako bina irakasle eta ikasle eta guraso bat joan ginen. Beti esaten dugu nagusiok bakarrik ezer ezin dugu egin adin desberdinetako jardueretan”, dio Maite Zabala nagusien elkarteko kideak.
Hiruhilabetero ekintza bat egiten dute, eta halako sari eta aitortzek indarra ematen dietela gaineratu du: “Beste batzuek gurea aitortzeak eta gauzak ondo egiten ditugula esateak aurrera jarraitzeko bultzada ematen digu”.