Gababus zerbitzua asteburuan hasiko da martxan
Munitibarko San Bizente jaietan eskainiko dute aurtengo lehen zerbitzua. Iaz 4.449 desplazamendu egon ziren Gababusean.
Beste urte batez Lea-Artibaiko udalek, aldundiaren Gaztedi programaren laguntzagaz, Gababus zerbitzua martxan jartzea erabaki dute. Gababus zerbitzua asteburuan hasiko da martxan. Munitibarko San Bizente jaietara izango da zerbitzuaren aurtengo lehen irteera. Gazteek zapatu gauean [urtarrilak 25] egingo dituzte joan-etorriak bertara.
Hamabi udalerrietako 14-29 urte bitarteko gazteak, ibilgailurik hartu barik, eskualdeko jaietara joan-etorriak segurtasunez egin ahal izatea da zerbitzuaren helburu nagusia.
Halaber, gogora ekarri dute horrelako garraio zerbitzu bat izateak, eta gazteak elkarrekin mugitzeak, beste onura eta helburu batzuk ere badituela, “adibidez, elkar ezagutzea eta elkarrekin harremantzea”.
Eskualdeko gazteek elkar ezagutzean, eskualde izaera garatu eta indartzen dela deritzote, “azken finean giza harremanak landu, berau ikuspegi sozialetik oso positiboa delarik”.
Iaz bezala, aurten ere Lea Artibai Amankomunazgoa izango da programa hau koordinatuko duen erakundea. “Eskualdeko eragile desberdinen artean harrera ona izan du zerbitzuak eta hau ere zerbitzuarekin jarraitzeko beste arrazoietako bat da”, adierazi dute Lea Artibai Amankomunazgoaren arduradunek.
Tiketak eta informazioa udalerri bakoitzeko ohiko puntuetan egongo dira eskuragarri: udal turismo bulegoetan, udal harrera/erregistroetan, kultur-etxeetan, gazteen informazio guneetan, etab…
Iazko datuak. Amankomunazgotik 2019. urteko datuak jakitera eman dituzte. 4.449 desplazamendu egon ziren, 20 egunetan. Hain zuzen, Gizaburuagara eta Munitibarrera izan ezik, eskualdeko beste udalerrietako jai nagusienetan eskaini zuten zerbitzua.
2017an eta 2018an modura, iaz ere, bueltarako ordutegia hiru txandatan banatu zuten: 02:00etan, 04:00etan eta 05:30ean. Zehaztu dutenez, «gazte kopuru dezente» mugitu zen hiru txandetan: 02:00etan 786 gazte; 04:00etan 1.226 gazte eta 05:30ean 2.201 gazte (beste 236 gazte zehaztu gabe ze txandatan mugitu ziren).
Gababusak, ekainaren 29an, Ondarroako Zapato Azulean egin zituen joan-etorri gehien: 688. Lekeitioko Antzar Egunean, berriz, 451 desplazamendu zenbatu zituzten. Aulestiko Santa Eufemia jaietan, irailaren 20an, ere erabilera handia eduki zuen: 430 joan-etorri.
Era berean, maiatzaren 11n Berriatuara eta ekainaren 8an Oletara joan-etorriak egiteko Gababusak ere gazte askok aprobetxatu zituzten. 369 eta 356 desplazamendu egin zituzten, hurrenez hurren.