Gazteentzako eskaintza garrantzitsuagaz datoz Munitibarko San Bizente jaiak
Gaur da San Bizente eguna eta munitibarrek eguerdian ospatu dute. Zapatuko kontzertuetara joan-etorria egiteko Gababus zerbitzua edukiko dute eskualdeko gazteek.
Gaur San Bizente eguna ospatu ostean, asteburuan egingo dituzte ekitaldi nagusiak.
Sanbizenteak garrantzi berezia edukitzea nahi du kultura eta jai batzordeak. “Gazteentzat kristoren kontzertuak daude. Lau jai daude udalerrian eta jai batzordeak erabaki du jai bakoitzari forma berezi bat eman, eta sanbizenteak batik bat gazteenentzako jaiak izatea. Badaude besteentzat ere gauzak, noski, baina, kristoren esfortsua egiten da kontzertu garrantzitsuak ekartzeko eta eskualde osoko gazteak etortzeko Gababusa jartzeko”.
Zapatuan, Kinki Boys, Saia Goait eta Arkada Social taldeen musikak hartuko du karpa. “Taldeen artean beti eskualdeko edo inguruko bat egoteko ahalegina egiten dugu, eta kasu honetan, Saia Goait mutrikuarrak egongo dira”. Era berean, emakumezkoak oholtzan dituen talde bat ekarri nahi izaten dute eta kasu honetan, Kinki Boys da. Amaitzeko, Durangoko Azokan azken diska aurkeztu berri duen Arkada Social Arrasateko taldea egongo da: “Gazte asko mugitzen duen taldea da, eta esfortsu handia egin dugu ekartzeko”.
Gababusa. Zapatuko kontzertuetara joan-etorria egiteko Gababus zerbitzua edukiko dute eskualdeko gazteek, 3 euro ordainduta. Joateko autobusak 20:30ean aterako dira Ondarroatik eta Lekeitiotik. 20:35ean geratuko da Berriatuan, 20:40an Etxebarrian eta Gizaburuagan, 20:45ean Markina-Xemeinen eta Aulestin eta 20:50ean Ziortza-Bolibarren.
Bueltarako, berriz, 02:00etan, 04:00etan eta 05:30ean irtengo dira autobusak Munitibarretik.
Ondarroan turismo bulegoan eta Lekeition kultur etxean erosi behar dira txartelak eta gainontzeko udalerrietan, udaletxeetan eskuratu daitezke. Lekeition izan ezik, gainontzekoetan barikura arte [urtarrilak 24] erosi daitezke (13:00ak arte). Lekeition bihar da tiketak hartzeko azken eguna.
21:00etan hasiko dira kontzertuak, baina goizean eta arratsaldean ere edukiko dute zer egin eta zegaz gozatu. Esaterako, garagardo dastaketa aurten ere egingo dute. Euskal Herriko ekoizle desberdinak ekartzen saiatzen dira, eta oraingoan, Elgetako Baobeer-eko kideak egongo dira zapatu eguerdian, karpan. “Artisau eran egiten diren produktuak ekartzen ditugu”. 12:30ean hasiko dute dastaketa, baina tiketak 12:00etan banatuko dituzte. Gehienez, 30 pertsonak parte hartu ahalko dute. Iluntzean, berriz, Antsotegi Hotelaren eskutik, pizza festa egingo dute leku berean.
Herriko kirol nagusiak ere bere lekua dauka sanbizenteetan. Domeka arratsaldean, Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteko pilotarien partiduak egongo dira frontoian.
EGITARAUA:
ZAPATUA
- 11:30. Puzgarriak, frontoian.
- 12:30. Baobeer garagardo dastaketa, karpan (plaza mugatuak).
- 16:00. Mus Txapelketarako izen ematea, liburutegian (20 euro bikoteko).
- 17:00. Mus Txapelketa tabernetan (3 sari).
- 20:00. Pizza fest! karpan.
- 21:00. Kontzertuak, karpan: Kinki Boys, Saia Goait eta Arkada Social.
DOMEKA
- 16:30. Pilota jaialdia: Lea Ibarra Motrolloko pilotarien partiduak.
- Ondoren. G.Albizu-Muruaga VS. Cabello-Arkotxa