Ondarroako Udalak jakinarazi duenez, urtarrilaren 27tik otsailaren 3ra bitartean Zaldupe kiroldegiko igerilekuak itxita egongo dira, hainbat hobekuntza egingo dituztelako. Alde batetik, igerileku handiko ura garbitzeko iragazkiak berrituko dituzte, eta, bestetik, dutxatzeko uraren biltegiaren edukiera handituko dute; 1.500 litroko biltegiaren ordez 2.000 litroko beste bat ipiniko dute.
Igerilekuak itxita egongo badira ere, gainerako kiroldegiko gainerako instalazioak erabilgarri egongo direla esan dute. Dena dela, erabiltzaileei jakinarazi diete denbora tarte horretan ez dela egongo ur berorik ez eta berogailurik ere.
Lan hauek Ondarroako Udalak Zaldupe udal kiroldegiko instalakuntzak berritzeko proiektuaren barruan kokatzen direla esan dute udal ordezkariek. “Kiroldegia 1985ean zabaldu zen, eta orduz geroztik egondako aurrerapausoak baliatu ditu udalak hobekuntza horiek kiroldegian ezartzeko”. Igerileku handiko ura iragazteko sistemari dagokionez, hondar bidezko iragazketa sistemaren ordez eta mikrobeira ezarriko dute. Beste aldetik, dutxatzeko erabiltzen den uraren biltegia handitzearen arrazoia ere azaldu dute. “Ordu zehatz batzuetan pilatzen zen erabiltzaile kopuru handiagatik, kosta egiten zen zerbitzua ematea”.
Konpentsazioa. Kiroldegiko arduradunek zehaztu dutenez, igerilekuko ikastaroetan izena emanda daudenei kiroldegia itxita egongo den denbora tartean galdutako orduak berreskuratzeko aukera emango diete.