Tamaina handiko trasteak batuko dituzte Munitibarren
Bihar bilduko dituzte, baina herritarrek gaur arratsaldean edo gauean atera behar dituzte zabor-guneetara.
Tamaina handiko trasteen bilketa egingo dute bihar, Munitibarren. Bihar jasoko badituzte ere, trasteak gaur iluntze-gau partean atera behar dituzte herritarrek zabor-guneetara.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoaren kamioiak bihar goizean batuko ditu herritarrek uzten dituzten gauzak, eta beraz, zabor-guneetan uzteko aukeraz aparte, beste leku batera ateratzeko proposamena egin nahi dutenek, bertara deitu beharko dute.
Zabortegian “bolumen handiko hondakinak bakarrik” hartzen dituztela gogora ekarri dute udalaren eta mankomunazgoaren ordezkariek. Horregatik, halako hondakinak ez direnak Garbigunera eramatea “norberaren ardura” dela nabarmendu dute eta kamioiak jasotzen ez dituen gauzak zerrendatu dituzte: arropak, pinturak, zabor organikoa, animalia hondakinak, erradiografiak, aerosolak, olioak, disolbatzaileak, butano bonbonak, camping gasak, lorezaintzako hondakinak eta orokorrean bolumen txikiko hondakinak.
Informazio gehiago edota zalantzak argitzeko Lea Ibarra Udal Mankomunazgora (94-684 29 82) edo Munitibarko Udalera (94-616 40 07) deitu daitekeela jakitera eman dute.