Hainbat ekintza egin dituzte Lekeition egunotan, grebarako dei egiten
Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deituta, elkarretaratzea, mahai ingurua, giza katea eta talde argazkia atera dituzte azken egunotan Lekeition.
Urtarrilaren 30eko greba orokorraren deialdiari begira hainbat ekintza egin dituzte egunotan Lekeition, Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak deituta. Besteak beste, elkarretaratzea, mahai ingurua, giza katea eta talde argazkia atera dituzte. Eguenerako [urtarrilak 30] antolatu diren ekimenetan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritar guztiei.
Barikuan [urtarrilak 24], esaterako, aurreko astean lan istripuan hildako bi lagunen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin zuten Eskolapean, karta sozialak deituta. “Urtea hasi denetik zortzi langile hil dira lan istripuetan”.
Zapatuan [urtarrilak 25], berriz, Langileak, emakumeak, gazteok, etorkinok… grebara! mahai ingurua egin zuten jubilatuen etxean, greba orokorraren harira. Mahai inguruan jubilatuta dagoen pertsona batek, mugimendu feministako kide batek, gazte mugimenduko kide batek eta etxeko zaintza egiten duten migratuen ikuspegia eman zuen beste emakume batek parte hartu zuten. Antolatzaileek adierazi dutenez, nahikoa jende batu zen Sonia Gonzalez idazleak dinamizatu zuen ekimenean.
Mahai inguruak ordu eta erdi inguru iraun zuen, eta bertan, lan merkatuaren prekarietatea, pentsio duinak, zaintza lanen krisia, soldata arrakala… eta beste hainbat gai izan zituzten mintzagai, beti ere mahai inguruan parte hartu zuten herritarren ikuspegi desberdinetatik. Amaitzeko, ekimenean bat zirenek talde argazkia atera zuten, eta gogorarazi zutenez, greba ez da urtarrilaren 30ean amaitzen. “Aldarrikapenak badauzkagu eta, nahiz eta gurekin elkartu nahi ez izan, aldarrikapen horiek mahai gainean jarratuko dute. Patronalak eta gobernuek bete beharko dituzte dituzte ala betetzera behartuko ditugu”.
Domekan [urtarrilak 26], berriz, giza katea egin zuten udaletxe aurretik hasita. Musikak lagunduta, herriko hainbat talde eragileetako ordezkariak batu ziren gizakatean, 40 bat lagun denetara, eta bakoitzak bere aldarrikapenak zabaltzeko aukera eduki zuen. Gaur [urtarrilak 27], azkenik, pentsio duinen aldeko protesta egin dute eguerdian, udaletxe aurrean.