Herriko zein Bilboko greba orokorreko deialdietan parte hartzeko deia egin dute Ondarroako pentsiodunek
Alamedatik hasi eta Alde Zaharrean amaitu dute protesta. Antolatzaileek jakitera eman duten datuen arabera, 272 lagun batu dira kalerik kale protestan.
Egueneko [urtarrilak 30] greba orokorraren harira, motorrak berotzen hasi dira herririk herri. Ondarroan, gaur [urtarrilak 27], esate baterako, manifestazioa egin dute Ondarroako Pentsionistak Martxan elkartearen ekimenez. Protesta Alamedan hasi dute, eta Alde Zaharrera amaitu, Zubi Zaharraren bueltan.
Eguraldi txarrari aurre egin, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, 272 lagun atera dira kalera. 12:00etako kanpaiak jo orduko abiatu da protesta Pentsiodunen alde borrokan! Gizarte Segurantza propioa, IPC errefentzia, 1080 zioen pankarta buru zutela. Pentsionistak aurrera!; 30ean, greba orokorra; Jo ta ke, lortu arte eta antzeko leloak behin eta berriz errepikatu dituzte ibilbidean zehar. Oro har, pentsioak defendatu egin behar direla aldarrikatu dute kalerik kale.
Amaieran, berriz, datozen egunetarako antolatu dituzten ekimenen berri eman dute. Eguaztenean [urtarrilak 29], esaterako, burrunbada egitea dago aurreikusita. 22:00etan hasiko da protesta zaratatsua. Greba egunean, ostera, bestelako ekintzak antolatu dituzte Ondarroan.
09:00ak aldera, esaterako, portuko biribilgunean batuko dira Bilboko manifestaziora joateko asmoa duten herritarrak, eta autoak bete ondoren, harantz abiatuko dira. “Aurretik ere esan izan ohi dugun modura, Bilboko argazkia oso garrantzitsua da. Beraz, ahal badugu Bilbora hurreratuko gara. Bilbora joan ezin duzuenontzako, 12:00etan batuko gara Alamedan. Eta han erabakiko dugun zer egin nahi dugun”.
Nahi duenari eta ahal duenari kalean bazkaltzeko deia egin diote. “Norberak etxetik ekarritakoa Alameda aurrean dagoen aretoan jateko batu gara”. 18:00etan, berriz, herri mailako manifestazioa egingo dute, Zaldupetik hasita.
Euskal Herrian ez eze, eguenean [urtarrilak 20] euskal mugetatik haratago dauden beste hainbat tokitan ere manifestazioak eta elkarretaratzeak egingo dituztela iragarri dute. “Batzuk kontrakoa sinestarazi nahi baldin badigute ere, guk esaten dugunagaz bat egiten duen mugimendu zabal bat ere badago hemendik kanpora”. Galizian, Aragoin, Asturiasen, Madrilen, Andaluzian eta Herrialde Katalanetan hainbat mobilizazio egingo dituzte eguenean.
Protestak grebagaz ez direla amaitzen azpimarratu dute, baina aurrerapauso handi bat direla jakitera jakitera eman dute. “Grebarekin ez da amaitzen gaia. Aurrerapauso handi bat da, baina guk gurea lortu arte protestan jarraituko dugu”. Datorren astelehenean [otsailak 3] barriro batuko dira Alamedan. Ohi modura, 12:00etan batzeko deia egin dute.