Lau pertsona atxilotu dituzte Markina-Xemeinen, lapurretan egiteagatik
Susmagarriak Markina-Xemeingo Kareaga industrialdeko enpresa batean sartu ziren, dirudienez, lapurreta egiteko asmoz, baina Ertzaintzaren patruila batek ustekabean harrapatu zituen.
23 urtetik 28 urtera bitarteko lau gizonezko atxilotu zituzten ertzainek zapatu arratsaldeko [urtarrilak 25] lehenengo orduan Markina-Xemeinen, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Azaldu dutenez, susmagarriak Markina-Xemeingo Kareaga industrialdeko enpresa baten sartu ziren, dirudienez, lapurreta egiteko asmoz, baina Ertzaintzaren patruila batek ustekabean harrapatu zituen.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, 13:30ak aldera abisu bat jaso zuen Ertzaintzak, itxita dagoen Markina-Xemeingo Kareaga industrialdeko enpresa batean jendea lapurretan ari zela esanez. Deiari erantzunez, Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen, eta agenteek zaratak entzun zituzten enpresa barruan. Hala, bertan zeudenei kanpora irteteko eskatu zieten. Enpresa barrutik lau gizonezko atera ziren, eta enpresa utzita zegoenez, txatarra hartzen ari zirela esan zieten. Aldi berean, beste patruila batek egiaztatu zuen enpresaren atzeko atea behartuta zegoela.
Enpresaren jabea iritsi zenean, enpresa miatu zuten, eta materiala falta zela egiaztatu zuen jabeak, koadro elektrikoak edo kobre-biribilkiak, besteak beste. Gainera, makina eta altzari batzuek kalteak zituztela ikusi zuten.
Horren guztiaren aurrean, 23, 26, 27 eta 28 urteko lau gizonezkoak identifikatu zituzten ertzainek, eta indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituzten. Ondoren, polizia-egoitzara eraman zituzten.