Lea-Artibai eskualdeko eta inguruetako gazteen bilgune izan da Munitibar, asteburuan
Kontzertuko karpa eta inguruak eta herriko gaztetxea ere beteta egon ziren. Jaien balorazio ona egin dute.
Kinki Boys, Saia Goait eta Arkada Social taldeen kontzertuek publiko zabala erakarri zuen zapatu [urtarrilak 25] gauean Munitibarko San Bizente jaietara, eta girorik ez zen falta izan. Herriko kultura eta jai batzordeak indar berezia jarri du aurten, sanbizenteek gazteei begirako eskaintza on bat izan zitzaten, eta erantzuna espero baino handiagoa izan dela jakitera eman dute. “Kontzertuko karpa eta inguruak eta herriko gaztetxea ere beteta egon ziren, eta taldeak ere gustura geratu ziren”, azaldu dute.
Lehenengoz, gainera, Gababus zerbitzua eduki dute eskualdeko gazteek kontzertuetara joan-etorria egiteko, eta 52 gaztek aprobetxatu zuten aukera, batez ere, Aulesti, Markina-Xemein, Ondarroa eta Berriatuko gazteek. Zerbitzuaren hiru ordutegiak erabili zituzten gazteek, gainera, Munitibarrera joan-etorria egiteko.
Horrenbeste jende batuta ere, arazorik ez zela egon gaineratu dute. “Jendea ondo portatu zen, dena errespetatu zuen ondo”. Beraz, jaiei jarritako helburua bete dutela aitatu dute: “Sekula Munitibarrera etorri ez diren eskualdeko gazteak etorri badira, eta, gainera, munitibartarrei bere edadeko jendea etortzea gustatu bazaie, esperientzia musikal on bat eman bazaie, eta dena ondo atera bada helburua beteta geratu da”.
Ekintza gehiago. Kontzertuez gain, jaiekin gozatzeko beste ekintza batzuk ere eduki dituzte, eta horiek ere erantzun bikaina izan dutela jakitera eman dute. Horrela, Baobeer artisau garagardoa egiteko prozesua ezagutu eta dastatu ere egin zuten zapatu eguerdian karpan batu ziren herritarrek. “Baobeer artisau garagardo ekoizleek azalpenak eman zituzten, eta jendea oso pozik geratu zen”.
Horrez gain, Mus Txapelketa ere jokatu zen arratsaldean herriko tabernetan. Guztira, 23 bikotek parte hartu zuten karta jokoan, eta Zipri eta Ezkerra izan ziren irabazleak. Eta jarraian Pizza fest! eduki zuten karpan. Hala, kontzertuak hasi bitartean pizza zatiak jateko aukera eduki zuten.
Jaiekin amaitzeko, domekan [urtarrilak 26], Lea Ibarra Motrollo taldeko pilotarien arteko norgehiagokak egon ziren herriko pilotalekuan.