Lekeitio eta Ondarroako triatloi taldeek hamabi sari jaso dituzte Euskadiko Triatloi Federazioaren eskutik
Lekeitioko Amandarri triatloi klubeko eta Garraitz kirol taldeko kideek eta Ondarroako Koaxi triatloi taldeko kide batek lortu dituzte sariak.
Domekan [urtarrilak 26] ospatu zen Euskadiko Triatloi Federazioaren eskutik Euskadiko Zirkuituko sari banaketa ekitaldia. Horretan, duatloi eta triatloi sariak banatu zituzten. Lekeitioko eta Ondarroako triatleten artean hamabi sari eskuratu dituzte.
Alde batetik, taldekako sailkapenean, Lekeitioko Amandarri triatloi kluba hirugarren postuan geratu da, Alusigma eta Arabatriren atzetik. Taldeko kideek esan dutenez, “emaitza ikaragarria da”. Talde horretako kirolariek, ostera, bost sari eskuratu dituzte. Absolutu mailan, Itsaso Gangoitia hirugarren sailkatu da emakumezkoen duatloi zirkuituan; triatloiko zirkuituan, ostera, Klaudia Erkiaga eta Aiora De la Lama lehenengo eta hirugarren sailkatu dira kadeteetan. Azkenik, Mikel Arrasatek ere kadeteetan lehen postua eskuratu du, bai duatloi eta baita ere triatloi zirkuituetan.
Lekeitioko Garraitz kirol taldeko triatletek ere beste bost sari eskuratu dituzte. Emakumezkoen beteranoen 1. mailan, Paula Estefania Castro Arroyok hirugarren postua eskuratu du. Gizonezkoen beteranoen 3. mailan, ostera, IƱaki Mendieta Lasartek bigarren postua lortu du. Gizonezkoen junior mailan, Igor Ruiz Baezek eta Aratz Aizpurua Gordillok lehen eta hirugarren postuak lortu dituzte, hurrenez hurren. Azken horrek, gainera, duatloien zirkuituan ere hirugarren saria eskuratu du.
Ondarrutarren kasuan, Koaxi triatloi taldeko Arantza Burgoa Agirregomezkortak emakumezko beteranoen 2. mailan bigarren postua lortu du.