Lekeitioko Beteranoen Trinkete Txapelketako faboritoek puntuak batzen jarraitzen dute
Gandiaga anaiak eta Astigarraga eta Pradera nagusitu dira asteburuan jokatu diren partidetan. Lehia estua egon da batean eta bestean.
Ezustekorik barik jokatu da asteburuan Lekeitioko trinketean, Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketa. Faboritoek gogor jarraitzen dute, eta gorantz doaz sailkapenean, partidaz partida tantuak lortuta. Partida bi jokatu dira asteburu honetan: Gandiaga anaiak eta Martin eta Foster bikoteak neurtu ziren zapatuan [urtarrilak 25], eta Astigarraga-Pradera eta Madariaga-Urkiaga domekan [urtarrilak 26].
Martin eta Foster irabazten hasi ziren zapatuko norgehiagoka (1-3), baina berehala jarri ziren aurrean Berriatuko Gandiaga anaiak, 6 eta 3ko abantailagaz. Ordutik aurrera nagusi izan ziren berriatuarrak, baina partida erdi inguruan zihoala Eñaut Gandiaga aurrelariari belauneko mina areagotu zitzaion, eta errenka hasi zela jakitera eman dute txapelketaren antolatzaileek. «Bazirudien hori aprobetxatuz lekeitiarrak markagailuari buelta emateko gai izango zirela, baina Iban Gandiagak ardura hartuz, ez zuen aukera hori gauzatzen utzi». Martin ere ez zen gustura ibili. «Eskua handitu zitzaion eta pilotak sarera ezin bideratuta ibili zen, eta ohiko tantoak ezin lortuta». Hala, 30-19 nagusitu ziren Berriatuko anaiak.
Berdintsu. Partida parekatua jokatu zuten Astigarragak eta Praderak eta Madariagak eta Urkiagak domekan. Madariaga eta Urkiaga dena emateko prest agertu ziren. Gaizki hasi zuten norgehiagoka, 8-0 galtzen. Hala ere, sakea berreskuratu eta tanto bakarrera jarri ziren: 14-13. Handik aurrera, berdinketak egon ziren 22ra eta 24ra, baina, azkenean, ez ziren tinko mantentzeko gai izan. Beteranoek, ordea, ondo eutsi zuten amaierara arte.
«Madariaga oso ondo aritu zen sakean eta teilatua aprobetxatuz hainbatetan pilota errebotera bota zuen. Praderak tanto batzuk lortu zituen, sarera pilota bideratuz eta txaflana erabiliz. Urkiaga eskuko minez ibili zen, eta justu xamar amaitu zuen partida, eta Astik 9 tanto lortu zituen sakez, eta beste bi eskumara luze jokatuta», kontatu dute antolatzaileek.
Txapelketaren arduradunek jakinarazi dutenez, asteburu honetan ekipazio berria estreinatu dute pilotariek, eta martxan jarri dute txapelketa diruz laguntzeko antolatzen duten otzara erraldoien zozketa.