Lekitto Bedarrak auzolana egingo du eguaztenean, Usotegin
Zehaztu dutenez, baratzeko alorrak prestatu, laia pasa, eta letxugak, orburuak eta tipulak landatuko dituzte.
Lekitto Bedarrak Usotegin beste auzolan ekintza bat egingo du. Oraingoan, hitzordua eguaztenerako (urtarrilak 29) ipini dute, 16:00etatik 18:00etara. Zehaztu dutenez, baratzeko alorrak prestatu, laia pasatu, eta letxugak, orburuak eta tipulak landatuko dituzte.
“Taldeko kideon asmoa da baratzeko alorrak egonkortzea. Horretarako, gaur egun dauden egurrezko defentsak aldatu egingo ditugu. Bide horretatik, iraunkorragoak izatea lortuko dugu, eta estetikoki ere hobeto geratuko dira”. Egiteko horiez gain, hitzordua lurra prestatu eta sasoiko landareak ipintzeko ere aprobetxatuko dutela diote.
Auzolan ekintza horrez gain, otsaileko zapatu goiz batean baratzeko alorrak zelan egin eta horrek ortuari eskaintzen dizkion onurak zehazteko ikastaro berezi bat antolatuko dutela ere aurreratu dute.