Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrak prest daude Santa Ageda ospatzeko
Herritarrak urteroko ohituretan murgilduko dira datozen egunotan, ondo errotutako ohiturak bizi-bizi jarraitzen dutela erakutsiz.
Kandela eta tostada usaina, makil hotsa eta han eta hemen herritarrak San Blaseko kordoiagaz soinean. Aspaldiko ohiturak sustraituta daude Lea-Artibain zein Mutrikun eta beste urte batez, udalerrietako auzo, kale eta txokoak tradizioz beteko dira.
Otsailaren 2a da Kandelario Eguna eta aurten, herri batzuetan santa eskean ere aterako dira. Izan ere, otsailaren 4ean ez ezik, zapatu eta domeka honetan ere ariko dira koplak abesten leku batzuetan.
Asteburuan hasiko dira aurtengo makil hotsak, baina herri gehienetan Santa Ageda egunaren bezperan hutsik egin barik egingo dituzte errondak. Egun horretan, esaterako, ikastetxeetako ume eta gaztetxoak auzo eta kaleak girotuko dituzte eskola orduetan zein arratsaldeko lehen orduetan.
Hain zuzen ere, batzuek euren elkarte edo ikastetxeetarako batuko dute dirua, eta beste batzuek, ostera, elkartasunez betetako koplak abestuko dituzte. Esaterako, Ispasterren domeka arratsaldeko entseguan erabakiko dute zertarako erabiliko duten batzen den dirua, eta proposamenak ekartzea eskertzen dutela esan dute.
Lekeitiarrek eta etxebarritarrek, berriz, euskal preso eta iheslarien aldeko santa eskeak egingo dituzte martitzenean, eta zapatu honetan, mutrikuarrak Luardo Etxetik abiatuko dira 09:00etan, Gaztetxoen Bertso Eskolaren aldeko santa eskean.