Santa Ageda bezpera ailegatu aurretik ere hasi dira lehen koplak entzuten
Urteroko ohiturari jarraituz, Ziortza-Bolibar, Mutriku eta Berriatuko koplariak izan dira aurten ere lehenak kalera ateratzen.
Zapatua izaten da euren hitzordua. Eta halaxe egin dute gaur [otsailak 1]. Santa Ageda bezpera martitzenean bada ere, Ziortza-Bolibar, Mutriku eta Berriatuko herritarrak koplak abestera atera dira gaur. Urteroko ohiturari eusteko gogotsu egon dira bateko eta besteko herritarrak. Hori bai, denen ahotan egon da eguraldi ona. “Duela urte bat euri zaparradatzan atera ginen!”.
Ziortza-Bolibarren aurten Zeinka-Ziarregira eta ingurura joan dira. “Beti txandaka egiten dugu. Urte batean Gabonak eta Santa Ageda behean (Iruzubieta auzoa eta inguruak) egiten dugu, eta hurrengo urtean goian (Zeinka-Ziarregi eta inguruak). Modu horretara ia leku guztietara ailegatzen gara”, azaldu dute. 13:45ak aldera herrigunera ailegatu dira, eta orduan atariz atari abesten ibili dira. Ekimena plazan abesten amaitu dute, 14:20ak aldera.
Mutrikun eta Berriatuan ere urterokoari jarraitu diote. Goizean batu eta gero, herriko auzoetatik barrena ibili dira koplak abesten. Arratsaldean, aldiz, herrigunea girotu dute batekoek eta bestekoek. Berriatuarren kasuan, urtero modura, bi zatitan banatuta abestu dute arratsaldean ere: batzuk herriaren mutur batetik hasi dira, eta besteak bestetik.