Denboraren Bankua abiarazi dute Lekeition
Gaur goizean aurkeztu du proiektua Lekeitioko Udalak. Denboraren Bankua zerbitzuak, ezagutzak eta jarduerak herritarren artean trukatzeko sistema da. Parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Egunotan abian jarriko den Denboraren Bankua proiektuaren berri eman du gaur [otsailak 4] goizean Lekeitioko Udalak. Azaldu dutenez, zerbitzuak, ezagutzak eta jarduerak herritarren artean trukatzeko sistema da Denboraren Bankua, elkarri laguntzeko sarea. Lekeitioko herritarren denbora izango da trukatuko dena batez ere, baina bide batez, adin eta jatorri ezberdinetako herritarren harremanean ere eragingo du. “Eskaini edo hartzen diren ezagutza edo jarduerez gain, aukera polita da edozein adineko edo jatorriko herritarrak euren artean ezagutzeko, bai eta ere beste esperientzi batzuk ezagutzeko, beste pertsona batzuengandik ezagupenak jasotzeko, eta baliteke euren artean ere harreman edo lotura batzuk sortzea”, adierazi du Amaia Antxustegi Ziarda zinegotziak.
Jakitera eman duenez, 2017tik martxan dagoen Lekeitio Lagunkoia mugimendutik ikusi dute beharrizana. Lekeitio, pertsona nagusiekin, eta oro har herriko pertsona guztiekin, zer nolako lagunkoia den jakiteko jarri zuten martxan Lekeitio Lagunkoia egitasmoa. 2018an diagnostiko bat egin zuten eta 2019 urtean ekintza plana, biak prozesu parte hartzaile zabal baten bidez. “Ekintza plan horretan lan ildo desberdinak jorratzen dira, eta, zehazki, Denbora Bankuak arlo horretariko asko ukitzen ditu, adibidez gizarte sarea lantzen du bai eta herritarren parte hartzea eta errespetua ere”.
Eider Etxebarria Bizipoz elkartekoak eman ditu programaren xehetasunak. Bizipoz elkarteak proiektu ezberdinak garatu ditu Lekeition eta ikusi dute oso herri aktiboa dela, bai gazte, bai heldu, bai eta nagusiak ere. “Denboraren Bankua sare bat da, eta bertan herritarrak parte hartzen dute. 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu dezake, muga barik. Nahi dena da elkarren artean harremanak sortu eta zerbitzuak trukatzea. Denek jarduera edo ezagueraren bat eskainiko dute eta jasoko dute”.
Argitu duenez, Lekeitioko Gizarte Zerbitzuetatik bideratuko da proiektua, eta Zabaltzen-sartu elkarteko Eneko Baseta hezitzaileak dinamizatu eta gidatuko du. “Sistema informatiko batekin bultzatuta egongo da. Sistema informatiko baten jasoko da dena. Parte hartuko duten pertsonak, profilak, eskaintzen diren zerbitzuak eta eskatzen direnak. Denbora horren kontrola eta kudeaketa sistema informatiko horren bidez kontrolatuko da”.
Obra Social La Caixa ere bidelagun izango da proiektuan. Estibaliz Areitio CaixaBankeko Bizkai ekialdeko zuzendariak esan duenez, CaixaBankeko langileak gertutik bizitzen dituzte herrietako, auzoetako eta kaleetako beharrak, “bertan daudelako eta bertakoak garelako”. CaixaBankeko Gizartekintzaren ardatz nagusia hori dela azpimarratu du. “Horregaz gure herrietako elkarteen nahiei erantzutea lortzen dugu, eta gaur aurkezten ari garen programa horren adibide garbia da”. Jakitera eman duenez, La Caixa Fundazioak CaixaBank bulegoen bidez 44,7 milioi euro bideratu zituen iaz obra sozialerako, eta Bizkaian, guztira, 262 ekintza egin zituzten. “Proiektu txiki baina garrantzi handikoak laguntzen ditugu”.
Funtzionamendua. Hasieran profil bat osatuko dute parte hartzaileek, izen abizenak eta zer den eskaintzen duten zerbitzua azalduz, eta taldea osatzen hasiko dira. Behin taldea eginda dagoenean bilerak egin eta zelan dinamizatu landuko dute besteak beste.
Denboraren Bankuan parte hartu nahi dutenek Lekeitioko Gizarte Zerbitzuetara jo behar dute, 946 034 100 telefono zenbakira deitu edo agurtzane-ongintza@lekeitio.eus helbide elektronikora idatzi.
Badakite zer den Denboraren Bankua Lekeition. 2007 urtean egin zen ahalegina, baina orduan ez zuten babes teknikorik ez eta kudeaketarik eduki, eta oraingoan baliabideak edukiko dituzte aurrera eramateko. Udalak eta La Caixak jarri dituzte baliabide horiek. Beraz, proiektuak erantzun on bat izatea espero dute, eta herritarrak denbora bankuan parte hartzera animatu dituzte: “esperientzia oso polita izango da, harremanak eta loturak sortzeko aukera polita”.