Lapurretan egin dute Mutrikuko taberna batean
Lapurrek Puerto tabernan zegoen dirua ostu eta kalte material handiak eragin dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, bart [otsailak 3] gauean lapurretan egin dute Mutrikuko taberna batean. Zehatz esanda, moilan dagoen Puerto tabernan ostu dute. Tabernako arduradunek azaldu dutenez, lapurrek lokalean zegoen diru guztia lapurtu dute, “bai kutxakoa, eta baita makinetakoa ere”. Azpimarratu dutenez, kalte materialak handiak izan dira.
Ertzaintzak 08:00etan jaso du abisua, tabernaren arduradunek lokala ireki duten momentuan. Lokala zabaltzera joan direnean sarrerako atea eta pertsiana moztuta zegoela konturatu dira. Era berean, lokal barruan dauden makinak (tabako makina, txanpon-makina) ere indarrez irekita zeudela ohartu dira. Lapurrek kutxan zegoen dirua ere eraman dute.
Ertzaintzak nabarmendu duenez, gertatu dena argitzeko ikerketa zabaldu dute. “Ertzainak bertan egon dira, eta ikerketa egiteko datuak jaso dituzte”.