Gaurko eta lehengo hogei irratsaio eskainiko ditu Radixu Irratiak 48 orduetan
Urteroko ospakizunari eutsita, zuzeneko emisioa barikuan 18:00etan hasiko dute, eta ordu berean amaituko dira 48 orduak, domekan. Aspaldian emititu gabeko 'Gauerdiko ahuntzan estule' saioak ere buelta egingo du ospakizun berezirako.
Uhinetan 29 urte daramatzala eta, Ondarroako irrati libreak etenik gabeko 48 orduko irratsaio berezia eskainiko du barikutik [otsailak 7] domekara [otsailak 9] bitartean. Urteroko ospakizunari eutsita, zuzeneko emisioa barikuan 18:00etan hasiko dute kanpandorreko estudiotik, eta ordu berean amaituko dira 48 orduak, domekan. Radixu Irratiko kideek jakitera eman dutenez, lehengoak, oraingoak eta desagertuta dauden saioak tartekatuta, asteburuko irrati maratoiari begira hogei irratsaio berezi prestatu dituzte.
Irratiko lantaldeak urteurrena ospatzeko egiten dituen jardueren artean garrantzitsuena izaten da, hain zuzen ere, hitzordu oso berezia da esatarientzat eta baita entzuleentzat ere. Azpimarratu dutenez, gaur egun entzun ahal diren irratsaioez gain, desagertutako dauden baina Radixu Irratiaren parte direnen ahotsak entzuteko aukera ekarriko dute datozen egunotan. Sputnik Vip+, Hilbehera+SDR, Jon Porruren ortua, Toleta apurtu! eta Naranja azule saioetako kideak batu, eta euren aletxoa ipiniko dute 48 orduetan.
Saio horiez guztiez gain, aspaldian emititu gabeko Gauerdiko ahuntzan estule saioak ere buelta egingo du ospakizun berezirako. “Aspaldi desagertuta dagoen saioko lantaldea batu, eta aurten 48 orduetan parte hartzea erabaki dute. Berriro uhinetan egongo dira taldekideak; historiko batzuen buelta da. Aspaldiko partez kanpandorrera igotzera animatu dira, eta hori guretzako oso albiste ona eta pozgarria da”. Saioa bariku gauean eskainiko dute 21:00etatik 22:00etara.
Asteburuan 105.5 FM diala sintonizatzen duten entzuleek, oro har, askotariko gaiez eta musika erritmoez gozatu ahalko dutela azpimarratu dute Radixuko lantaldeko kideek: solasaldiak, magazineak, elkarrizketak, saio musikalak, kirol saioak, bertsolaritzari buruzko saioak, askotariko musika emanaldiak… Eta egunerokoan modura, sarearen bidez ere entzun ahalko dira saio horiek. Radixuren web atariari esker, munduko edozein txokotatik ere entzutzeko aukera egongo da asteburuko saio berezia, Internet bitarteko dela.
Mikrofonoei ahotsa eta doinua jartzen egongo diren saioen artean lehenengoa Leartigol saioa izango da. Barikuan 18:00etan hasita, hiru orduko saioa eskainiko du Erik Osa Rodriguezek. Eta azken bi urteetan egin modura, … Amaitzea guz! irratsaioagaz emango diote amaiera 48 orduko saio bereziari domekan 16:00etatik 18:00etara. “48 orduen errepasoa egingo dugu”.
Radixuko lantaldeak, gainera, Max-mix irratsaioa propio sortu du 48 orduetarako. Azaldu dutenez, zapatuan 04:00etatik 08:00etara irratian bere sasoain eskainitako elkarrizketarik esanguratsuenak errepikatzeko asmoa dute. “Irratsaio desberdinetan egin ditugun elkarrizketarik interesgarrienak eta berezienak hartu, eta lau orduko irratsaio berezia egingo dugu zapatu goizaldean”.
Azken urteotan ohitura bihurtu den modura, gainera, Radixu Irratiako gaztetxoen saioak entzuteko aukera egongo da zapatuan, 12:00etatik 14:00etara bitartean. Ganberruk FM, Nahastosuk FM eta Famauk FM saioetako esatariek eguerdia alaituko diote bat baino gehiagori.
29. urteurreneko ospakizunak, baina, ez dira 48 orduekin amaituko. Ospakizunen barruan bi kontzertu ere antolatu ditu Radixuk. “Zapato Azule antolatzen dugu urtero, eta handik herriak ematen digun laguntzari esker, hainbat ekintza egiteko aukera dugu. Irratsaioak egiteaz gain, herriari esker ona emateko beste era bat dira antolatzen ditugun kontzertuak”.
Otsailaren 8an, eta 48 orduekin bat eginda, Dena talde ondarrutarra eta Lukiek mungiarrak igoko dira Portuko Ranpako taulagainera. “Beti ahalegintzen gara herriko taldeak sartzen, eta herriko taldeei ere presentzia ematen”. Dena taldekoak diskoa atera nahian dabiltza, eta Lukiek taldekoak, berriz, orain gutxi kaleratu duten lehen lana aurkeztera datoz. Sarrerak salgai daude Noyan eta Zurrumurrun, 5 euroren truke. Egunean bertan leihatilan ere salgai egongo dira prezio berean.
Otsailaren 15erako ere beste kontzertu indartsu bat antolatu dute. Bergaratik datozen Flyshit taldeak bere azken disko txikia aurkeztuko du. Inoren ero ni ere azken diskoa aurkeztera dator Portuko Ranpara. 22:00etan hasiko da kontzertua. Sarrerak salgai daude Noyan eta Zurrumurrun, 6 euroren truke; leihatilan bertan 8 euro balioko ditu sarrerak.
EGITARAUA:
Otsailak 7, barikua
- 18:00-21:00. Leartigol.
- 21:00-22:00. Gauerdiko ahuntzan estule.
- 22:00-00:00. Toleta apurtu!
Otsailak 8, zapatua
- 00:00-02:00. Sputnik VIP+.
- 02:00-04:00. K.B.B.
- 04:00-08:00. Max-mix.
- 08:00-12:00. Hilbehera+SDR.
- 12:00-14:00. Ganberruk FM, Nahastosuk FM eta Famauk FM.
- 14:00-15:00. Binilo artin galdute.
- 15:00-17:00. Boga eta zixe.
- 17:00-19:00. Time to roots.
- 19:00-22:00. Terranobako salau.
- 22:00-00:00. Kritikal blues.
Otsailak 9, domeka
- 00:00-02:00. Kritikal blues.
- 02:00-04:00. Bon vivant.
- 04:00-09:00. Azken mohikanoak.
- 09:00-12:00. Jon Porruren ortua.
- 12:00-16:00. Naranja azule.
- 16:00-18:00. … Amaitzea guz!