Pantaila digitala jarri dute Markina-Xemeingo udaletxeko horman
Azaldu dutenez, iragarki taula moduan funtzionatuko du pantailak, herritarrentzat interesgarria izan daitekeen informazioa bistaratuz.
Pantaila digitala Markina-Xemeingo udaletxeko horman. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala Markina-Xemeingo Udalak pantaila digitala jarri du Udaltzaingoaren sarrera dagoen udaletxeko horman. Udalak herritarrekin duen harremana eta komunikazioa indartzeko pauso berri bat dela esan dute, eta horretarako teknologia berrietaz baliatuko dira.
“Iragarki Taula moduan funtzionatuko du pantailak, herritarrentzat interesgarria izan daitekeen informazioa bistaratuz”, azaldu dute. Pantailak 43 hazbeteko LED teknologiadun pantaila hukigarria eta wifi konexioa dituela zehaztu dute, eta bideo elektroniko funtzioa ere eskaintzen ditu beste hainbat aukeren artean. “Gurpildun aulkian doazenek ere erabiltzeko moduko altueran kokatu da”.
Pantaila jartzeak 7.393,10 euroko kostua eragin dio udalari, baina 3.396 euroko diru-laguntza jaso dute, inbertsio osoaren %46, hain zuzen.