Herrigunea oinezkoentzat egokituko du Munitibarko Udalak
Hirigintza lanei buruzko batzar informatiboa egingo dute bihar arratsaldean [otsailak 12], udal aretoan. Azalpenak eman eta herritarren zalantzak argituko dituzte. Lanak hilabete honetan hastea eta pare bat hilabete irautea aurreikusi dute.
Lanak hilabete honetan egitea aurreikusi dute eta horiei buruzko azalpenak emateko batzarra deitu dute eguaztenerako [otsailak 12]. 17:00etatik aurrera udal aretoan egingo dute bilera. Informazioa emateaz gain, bertaratzen diren herritarren galderei erantzun eta zalantzak argituko dituzte.
Herriguneko zati bat oinezkoentzako egokitzeko lanek bi helburu nagusi dituztela azaldu du Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak. Oinezkoei lehentasuna emango diete eta errepideak zatitzen dituen zati biak batu gura dituzte eta iriste erraztasuna hobetu. “Bi helburu lortu nahi ditugu. Alde batetik plaza eta tabernen ingurua batzea bilatzen dugu, orain bi guneak bereiztuta baitaude. Bestetik, iriste erraztasunari dagokionez, oinezkoei lehentasuna emango zaie. Esaterako, plazagunetik medikuaren kontsultara joateko gurpildun aulkietan doazenek aldats handia daukate eta eskailerak daude eta horregatik errepidetik joan behar dira. Orain arteko hirigintza lanek ibilgailuei eman diete lehentasuna”.
Bi helburu horiek kontuan hartuta, ze alternatiba tekniko dauden azalduko dute batzarrean, teknikoek zer proposatu duten kontatuko diete bizilagunei.
Herriguneko bidegurutze inguruan asfaltatu, atondu eta egokituko dute eta printzipioz aurreikuspenak betetzen badira, lanek bi hilabeteko iraupena edukiko dutela zehaztu du alkateak. “Bizilagunentzat zein errepidetik pasatzen diren erabiltzaileentzat eragozpenak sortuko dira. Kontuz ibili beharko da; leku batzuetatik ezingo da pasatu, espaloietan ere lanean ariko dira eta desbideraketak ere egin beharko dira. Hala ere, enpresakoak esan digute ahalik eta eragozpen txikienak eragiten saiatuko direla. Uste dugu apurka-apurka eta denon laguntzagaz bideratu ahal izango dugula”, azaldu du Goikoetxeak.