Ibilaldi eguneko ekarpenei esker kanpo espazioa eta DBH egokituko ditu Azkue ikastolak
Ibon Goitia zuzendariak azaldu duenez, aspalditik daude eraldaketa prozesuan murgilduta, eta apurka-apurka ari dira espazioak metodologia berrietara egokitzen. Dagoeneko piraten txalupa zegoen eremua garbitu dute.
Ibilaldi egunean eta ondorengo egunetan Euskal Herriko hainbat txokotatik jasotako ekarpenei esker, kanpoaldeko espazioa eta DBH egokituko ditu aurten Azkue ikastolak. Orain arte, HH, LH eta jolastokiko eremu bat eraberritu dutela jakitera eman dute, baina aurrerantzean beste guztia egokitzeari ekingo dio ikastolak guraso eta ikasleekin batera. Horrez gain, DBHn martxan jarriko duten metodologira egokitzeko hainbat espazio aldatuko dituzte. “Denbora daramagu metodologia berriekin lanean, baina lan egiteko modu honek espazioaren eraldaketa eskatzen digu”, azaldu du Ritxi Abril DBHko irakasleak.
Ibon Goitia zuzendariak azaldu duenez, aspalditik daude eraldaketa prozesuan murgilduta, eta apurka-apurka ari dira espazioak metodologia berrietara egokitzen. Dagoeneko piraten txalupa zegoen eremua garbitu duteĀ auzolanean, eta gune berriaren diseinu lanak ere hasi dituzte. “Gaian adituak eta arituak diren hainbat gurasogaz elkarlanean ari gara espazio berriaren diseinua lantzen, ikasleen premiak aintzat hartuta sormenari eta naturari behar duen eremua emateko asmoz”, azaldu du Goitiak.
Berrikuntzen artean, besteak beste, 0-2 urteko umeentzako espazioa egokituko da jolastoki berrian, horiek mugimendu askerako gunea izateko.