Mijoa errekan beste isurketa bat egon dela salatu du Eguzkik
Isurketa otsailaren 4an gertatu zen. Talde ekologistak jakin ahal izan duenez, industrigunean kokatuta dagoen araztegian arazoren bat gertatu zen, eta horren ondorioz gertatu zen isurketa.
Eguzki talde ekologistak salatu duenez, Mutrikuko Mijoa errekan beste isurketa bat gertatu zen otsailaren 4an. Isurketaren ondorioz, errekako uraren dentsitatea handitu egin zen. “Urak kolore grisa zeukan, eta kiratsa zerion, ur zikinen usaina”. Eguzkikoek esan dutenez, isurketaz jabetu ziren momentuan bertan larrialdi zerbitzuetara deitu zuten, beti egin modura, gertaeraren berri emateko.
Talde ekologistak argitu du gerora jakin zutela idustrigunean kokatuta dagoen araztegiak arazoren bat eduki zuela, eta haren ondorioz gertatu zela isurketa. “Zoritxarrez ez zaizkigu arrotzak egiten Mijoan isurketa kutsakorrak aurkitzea. Hamaika aldiz gertatu da gauza bera, eta, ondorioz, gaur egun zaila egiten da errekan animalia bizidunak aurkitzea. Arrazoi horregatik uste dugu oraingoan ez dela hildako arrainik agertu”.
Eguzkikoek gaineratu dute Ura agentziaren txostenetan bertan ere irakurri ahal dela Mijoa errekaren uraren kalitatea “ezin txarragoa” dela eta ingurumena “muturreraino degradatuta” dagoela. “Mijoako isurketen jatorria izen bereko industrigunean dago. Industrigunean bertan araztegia ere badago ere, iskurketak errepikatu egiten dira. Batzuetan ur beltzen kutsadura karga handiegia delako, besteetan araztegian arazo bat egon delako edo beste arrazoi batengatik”. Horren guztiaren aurrean, galtzaileak beti ingurumena eta bioaniztasuna direla gaineratu dute. Gogorarazi dute, baita ere, Mijoa Bisoi Europarra Babesteko Plan Bereziaren barruan dagoela sartuta.
Isunak ere ez direla nahikoak esan dute. “Badirudi, isuna ipini zuten azken kasuan 100 eurora ere ez zela iristen. Halako zigorrak ez dirudi oso eraginkorrak direnik”.
Oro har, Mijoako araztegiaren arduraduna Eusko Jaurlaritza dela gaineratu dute. “Duela urtebete Jaurlaritzak Mijoa saneatzeko finantzaketa bere gain hartu zuela berretsi zuen IƱaki Arriola Ingurumen Kontseilariak; %100ean hartu zuen bere gain. 2019an ez zuen ezer egin, eta 2020ko aurrekontuan partidarik agertzen ez denez, aurten ere kale! Lotsagarria da”.