Mikel Gabiola Lenizek irabazi du berriz, Lekeitioko aratusteetako kartel lehiaketa
'Hamalau kirriskarro daukaguz afaltzeko' leloa jarri dio kartel irabazleari. Aurkeztutako lanagatik 200 euroko saria eraman du.
Bigarren urtez jarraian, Mikel Gabiola Leniz izan da Lekeitioko aratusteetako kartel lehiaketaren irabazlea. Hamalau kirriskarro daukaguz afaltzeko leloa jarri dio kartel irabazleari, eta aurkeztutako lanagatik 200 euroko saria eraman du. Gainera, bere irudia aratusteetako egitarauaren azalean agertuko da, bai esku-orrietan zein kartel handietan.
Atzo [otsailak 10] arratsaldean batu zen herriko Jai Batzordea erabakia hartzeko, eta gaur [otsailak 11] goizean eman dute jakitera ebazpena. Guztira, hamar kartel aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, batzuk Lekeitiotik kanpoko parte hartzaileenak, eta aurtengoan kalitate handiko kartelak aurkeztu direla nabarmendu du Jai Batzordeak, “ez da batere erraza izan irabazlea aukeratzea”, esan dute.
Iaz ere, Gabiola izan zen irabazlea, Eguzki edo euri, aratustiak beti danon poz iturri lelopean aurkeztu zuen kartelagaz.