Udal beharginen lan baldintzak hobetuko ditu Lekeitioko Udalak
Udaleko langile publikoen soldatak %2ko igoera izango dute, eta gurasotasun baimena parekatzeko bidean, 18 asteko baimena izango dute.
Joan den asteko egueneko [otsailak 6] osoko bilkuran onartu zituzten baldintza berriak. Horien arabera, langile publikoek %2ko igoera izango dute soldatetan, eta gurasotasun baimena parekatzeko bidean, 18 asteko baimena izango dute.
Udalak jakitera eman duenez, Eudelek Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako udalei egindako gomendioa hartu dute aintzat. “Gomendioa sektore publikoko langileen ordainsarien gehikuntzak arautzen dituen Errege Dekretu baten oinarritzen da, eta, ildo horretatik, soldata igoera finko bat, eta ekonomiaren hazkundearekin lotuta, ehuneko osagarri bat gehitzea aurreikusten da”, azaldu dute.
Guztira, 90 langile izango dira %2ko igoera horren onuradunak, eta otsaileko lansarian hasiko dira aplikatzen, “urtarrileko nomina atzeraeraginezkoa izango da”. Igoera horrek 70.000 euro suposatuko dizkio udalari.
Baimena. Gurasotasun baimenari dagokionez, 18 asteko baimena (126 egun naturalekoa) emango diete bikotea eratzen duten bi pertsonei, sexua edo gurasotasunaren arrazoia edozein dela ere: jaiotza, adopzioa, familia-harrera, subrogazioa… Zehaztu dutenez, gurasotasun baimen horiek %100 ordainduko dituzte, eta parekatuak eta besterenezinak izango dira bikotea osatzen duten eta euskal administrazio publikoan lan egiten duten kideen artean. “Neurri honekin, emakume eta gizonen erabateko berdintasuna lortu nahi da, seme-alabak zaintzeko lanek duten banaketa desorekatua zuzentzen lagundu”.
Programa. Bestalde, langileriaren zahartzea dela eta, belaunaldien arteko aldaketak burutzeko neurriak hartu ditu Lekeitioko Udalak, udaleko giza baliabideak arrazionalizatzeko programa abiaraziz. Programa indarrean dagoen bitartean, Lekeitioko udalean zerbitzu aktiboan dauden eta legezko erretiro arrunta hartzeko bost urte falta zaizkien langileek diru saria duten aurretiazko erretiro neurriak eskatu ahalko dituzte, beti ere, dagokien pentsioa jasotzeko gizarte aurreikuspen erregimenean aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.
Horrez gain, gaur egun administrazioak eman behar dituen zerbitzuak eman ahal izateko udal langileen profilak aldatu beharra ikusten du udalak. “Erronka horri ere aurre egin behar zaio”.