Kintxopekoen 25. Sariketa eta Zaldi-mandoen 35. Sariketa lehiatuko dituzte Ispasterren
Barikuan hasi eta astelehenean amaituko dira demak. Lea-Artibaiko lau zaldik parte hartuko dute.
Kintxopekoen 25. Sariketa eta Zaldi-mandoen 35. Sariketa hartuko ditu Ispasterko probalekuak datozen egunotan. Hain zuzen, lehenengoa barikuan jokatuko dute, eta bigarrena, berriz, zapatutik astelehenera bitartean. Lea-Artibaiko lau probalarik parte hartuko dute.
Barikuan 21:00etan hasiko dute dema. Berriatuko Belaustegi, Mañuko Erauzkin, Zumaiako Talaia Jatetxea eta Guriezoko Fernin Santamariaren artean erabakiko da Kintxopekoen 25. sariketaren txapelduna.
Zaldi-mandoen 35. sariketan, ostera, bederatzi zaldi lehiatuko dira. Aulestiko Juan Uriarteren, Fikako Construcciones Torrontegiren eta Guriezoko Javier Peña Santamariaren arteko lehiagaz hasiko dute sariketa, zapatuan, 21:00etatik aurrera. Domekan 18:00etan hasiko dute saioa. Aulestiko Ibekohondoren, Bilboko Kocco Dendaren eta Guriezoko Fermin Santamariaren zaldiak ariko dira deman.
Azken eguneko saioan ondorengo hiru probalarien zaldiek burutuko dute saioa: Aulestiko Koba, Nabarnizko Nabarniz Jatetxea eta Maumeko Baraiazarra. Astelehenean, 21:00etan hasiko dira lanean.
Saio guztiak Ispasterko harriagaz egingo dituzte. Abereen oinarrizko pisua 400 kilokoa izan beharko da, eta saio bakoitza hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte. Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak kontrolatuko ditu bi sariketak.