Markina-Xemeingo aurrekontua iaz baino %4 handiagoa izango da
Besteak beste, ingurumenari, hezkuntzari, kulturari, euskarari, kirolari eta turismoari begirako proiektuak izan ditu kontuan udal gobernuak aurrekontuak eratzeko orduan. Energia berriztagarrien aldeko apostua egingo dute.
Markina-Xemeingo Udalak 5.338.550 euroko aurrekontua izango du 2020 urtean. Martitzeneko osoko bilkuran eman zioten onespena EAJren aldeko botoekin. 2019koa baino %4 handiagoa izango da (5.132.426 eurokoa izan zen 2019koa).
Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak jakitera eman duenez, diru sarrerak aurreko urteen antzera mantenduko dira gutxi gora behera, hala ere Udalkutxatik zer edo zer gehiago jasotzea espero dute. Udalaren gastu arruntak ordaintzeko aurrekontuaren %39,25 erabiliko dute, pertsonal gasturako %33,21, transferentzia arruntak % 20,14 izango dira, eta inbertsio errealetara aurrekontu osoaren %2,84 bideratu ahalko dute, 151.348,66 euro, hain zuzen.
Besteak beste, ingurumenari, hezkuntzari, kulturari, euskarari, kirolari eta turismoari begirako proiektuak izan ditu kontuan udal gobernuak aurrekontuak eratzeko orduan. Ingurumenari dagokionez, energia berriztagarrien inguruko auditoria bat egiten hasi dira, eraikin publikoetako kontsumoa aztertzeko, eta hiru aste barru emaitzak izango dituztela aurreratu du. Udal pilotalekuko berogailua biomasara pasatu eta Bekobentan eguzki-energia fotovoltaikoko plakak jartzea dute asmoa, baina azterketaren emaitzen arabera erabakiko dute non zer egin.
Energia berriztagarrien proiekturako 101.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute, baina Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza lortu dute horretarako. Aurrekontu horren %60 ordainduko du aldundiak. Hala ere, Energiaren Euskal Erakundeari ere diru laguntzak eskatzea dute asmoa. Horrez gain, 18.000 euro gorde dituzte Zelai Barrin ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu publiko bat jartzeko. Bikoitza izango da, bi ibilgailu kargatzeko baliagarria.
Beti Jai eta Izarbidean elkarteak dauden eraikineko igogailua ere egokituko dute (19.965 euro). «Izatez sei lagunentzako edukiera dauka, baina gaur gaurkoz bik erabil dezakete bakarrik», argitu du alkateak. Hori dela eta, igogailuari sistema hidraulikoa eta egitura aldatuko diote, erabilera hoberena lortzeko.
Doaneko wifi puntuak jarriko dituzte udalerriko hiru gunetan
Inbertsiorik ataleko zenbateko handiena Atxondo kiroldegiko hezegailuarena izango da. Kiroldegia egin zenetik martxan dagoen lau motorreko hezegailua motor bakarragaz ari da lanean gaur egun, eta arazoari erantzuna emateko 95.381 euro erabiliko dituzte .
Turismoa. Herriko Turismo Planagaz lotuta wifi puntuak jarriko dituzte herriko hiru puntutan (7.808 euro): Bixenta Mogel parkeko goiko aldean, kiroldegian eta Zelaiko ziburuetan. «Doaneko zerbitzu hori ordutegi bategaz mugatuta egongo da».
Bide beretik, herriko plano berri bat aterako dute, eta udalak QR-kode bidezko plakak jarri nahi ditu herriko 15 puntu desberdinetan. «Plano berri bat aterako dugu, ostalaritzari buruzko informazioagaz, QR kode horiekin, wifi puntuekin edozeinek bere kabuz herria bisitatu ahal izateko». Markina-Xemeingo Turismoaren web orrialdea ere, mugikorrerako egokitu behar dela diote, eta horretarako 21.000 euro beharko dituztela aurreikusten dute.
Hezkuntzari lotuta, herritarrei begirako era askotako ikastaroak antolatuko ditu udalak. Uda eta gero, alde batetik, zahartze aktiboa sustatzeko ekimenak eskainiko dira Lea-Artibai mailan, udalak ordainduta. Eta bestetik, defentsa pertsonaleko ikastaroa emango dute. Hilabete honetan hasiko dira, berriz, ingurumenari edota ortuari lotutakoak. «Jakoba Errekondok inausketari buruzko ikastaroa emango du otsailean, Josean Osolazak erlezaintzari buruzkoa martxoan, landare ekologikoaren bizi baratzari buruz jardungo du Errekondok maiatzean, erreken garbitasunari lotutako ekimena egingo dugu uztailean, eta, urrian, azokari lotuta, ezti bilketa eta sagardo dastaketa ekitaldia egingo da».
Zelaiko ziburuak konpondu eta estaliko dituzte gerakineko diruagaz
Kulturari dagokionez, hitzarmen berri bat adostu nahi dute Uhagon kultur elkarteagaz. «Bakoitza alde batetik ibili barik ekimenak bateratu egin nahi ditugu Markina-Xemeingo kultura bezala». Bestalde, herriko elkarteek antolatzen dituzten ekimenak balioan jarriz, guztiei baietza eman dietela ere azaldu du alkateak, Musika Haizeak, Topabeer edo Xemeingo Gauari esate baterako. Horrez gain, jaialdi berri bat ere antolatuko dute Urriko Azokaren hurrengo asteburuan. 18.000 euro beharko dituzte jaialdirako, eta diru laguntza eskatuko dute antolatzeko. «Dantza, antzerkia eta musika uztartuko ditu besteak beste. Kultur asteburu indartsu bat prestatu nahi dugu».
Lubakien ibilbide bat egin nahi dutela ere aitatu du Egurrolak, Ahaztuen Oroimena eta Artibai Mendigoizale Elkarteagaz batera. Olgetan proiektuagaz ere jarraituko dute, eta udalekua abuztura luzatzea dute asmoa, beti ere eskaerarik balego. 10.000 euroko partida izendatu dute abuzturako eta 21.000 eurokoa uztailerako.
Euskarara zuzendutako saila iazko berdina izango dela azaldu du alkateak, eta auzobideak konpontzeko partida handitu dute. Kopuru bat gorde dute bai eta ere herrian antolatzen diren ikuskizunetan laguntzaile modura behar egingo dutenei ordaintzeko. Auzo Taxiari ere jarraipena emango diote, eta iaz baino 5.000 euro gehiago bideratuko dituzte zerbitzu horretara. Eta udala eta herritarren arteko komunikazioa hobetzeko aldizkari bat ere aterako du udalak sei hilabetero. «Udaleko informazioa eta herriko ekintzen berri emango da».
Udalaren helburu nagusia gastu arruntak txikiagotzea dela nabarmendu du alkateak
Aurrekontuetan sartu dituzten proiektuez gain diruzaintzaren gerakina erabiliko dute 2020an beste proiektu batzuk gauzatzeko. Esate baterako, Zelaiko ziburuak konpondu eta estaltzeko erabiliko dute geldikineko zati handi bat, lursail bat erosiko dute Larruskainen eta aldapa bat egingo dute Barinagako Iturritxu elkartera iristeko. Horiez gain, beste batzuk ere badituzte esku artean, baina lehentasunak zehazten ari dira.
Gastu arruntak murriztu. Udalaren helburu nagusia gastu arruntak txikiagotzea dela nabarmendu du alkateak, proiektuetarako aurrekontu handiagoa edukitzeko. Eta horretarako, udalaren baliabide guztiei etekin guztia atera eta eraikinen erabilera maximizatu behar dela ikusten dute. «Daukaguna balioan jartzea izango da gure erronka, bide horretatik kostuak egokitzen joateko».
Jakinarazi dutenez, gutxi gorabehera hauek dira udalak 2020rako aurreikusten dituen gastuetako batzuk: udal eraikin eta instalazioen garbitasunean 263.975 euro, Bekobentaren kostu orokorra, garbitasuna barne 190.893 euro, Musika Eskolaren eraikinaren mantenimendua 41.363 euro, Tarine eskolari ordainduko diotena 110.000 euro, Liburutegia urteko 157.116 euro, kiroldegia 506.981 euro, Barroeta zelaia 47.024 euro eta frontoia 57.822 euro. Horrez gain Lea-Artibai Amankomunazgoari 133.684 euro ordainduko diote hondakinen bilketagatik, tratamendua 106.609 euro, ingurumena 33.319 euro, gizarte zerbitzuak 313.908 euro eta zerbitzu orokorrak 77.085 euro.
HAPO aurrera bota beharra ere azpimarratu du alkateak. «Horrek baldintzatuko du Markina-Xemein osoa». Beraz, ahal bada, aurten onartzea nahi dute. Horretarako aldundiagaz batzen ari dira, HAPOan egin behar dituzten aldaketak zehaztu eta konponbidea emateko.
Bestalde, Markina-Xemein eta Etxebarria arteko saihesbidearen proiektuan ere parte hartzen ari dira udalerri biak, eta aldundiaren proiektu hori ere urte amaierarako prest egotea espero dute. «Markina-Xemeingo erdiguneak beste dimentsio bat hartuko du».