Ander Txakartegi: "Titan Series egiterakoan burutik asko tira egin behar izan dugu"
Oier Aurrekoetxea bermeotarragaz batera, berriatuarrak Titan Series proba egin du Saudi Arabian. Uztailean gauzatuko duen ekimen solidariora begira jarri da orain.
Zelan joan da Saudi Arabiako abentura?
Gogorra izan da. Kontuan hartu behar da ni erdi gaixorik joan nintzela. Lehenengo bi etapetan asko igarri nuen gaixorik egon izana.
Inolako ezusteko barik ailegatu zineten Saudi Arabiara?
Bai, bai. Julen Zuberogaz batu eta Bartzelonarantz abiatu ginen. Han beste bigaz batu ginen: Jose Luis Gomez eta Oscar Puyol. Bostok batera ibili gara probak iraun duen bitartean. Eta lau etapetatik laurak gurekin ibiltzen ziren beste hirurek irabazi zituzten: Puyolek bi etapa irabazi zituen, eta Zuberok eta Gomezek bana.
Onenekin batu zineten.
Kasualitatea izan da. Talde jatorra osatu dugu, eta gustura ibili gara.
Antolakuntza aldetik zelan egon da proba?
Luxuzko antolakuntza izan da. Bai janari aldetik eta baita ere azpiegitura aldetik. Azken finean, Titan Desert proban bezalakoa izan da, baina oraindik ere hobeto. Garbitasun aldetik eta dena oso ondo egon da antolatuta. Azken finean, Saudi Arabian dirua daukate, eta hori bistakoa izan da.
Lehenengo bi etapak gogorrenak izan zirela esan zenuen. Zer gertatu zen?
Lehenengo etapan esan ziguten hasierako 10 kilometroak neutralizatuta izango zirela, baina martxan hasi ginenean, denak ziztu bizian abiatu ziren. Haizeak ere zakar jotzen zuen. Atzean geratzen bazinen haizeak nekez uzten zizun aurrera egiten. Beraz, guk ere gogor hasi genuen, taldean mantentzeko eta haizearen eragina saihesteko. Martxa hartuta, 50. kilometroraino-edo gozatzen joan ginen. Baina hortik 70. kilometrora heldu arteko tartea gogorra izan zen. Hondar gainetik, ezinean joan ginen. Lehenengo etapa 3. mailakoa zen, eta hurrengo egunekoa 5. mailakoa zen. Beraz, lehenengoa eginda, bigarren eguna zer nolakoa izan zitekeen pentsaturik ikaraz geunden denok.
Gainerako parte hartzaileek ere lehenengo etapa hori gogorra izan zela zioten?
Bai, bai. Lehenengo eguna egin eta gero, denek esan zuten hori.
Hango hondarra gogorragoa izango zela esan zizuten. Igarri duzu?
Ez. Hondarra hondarra da, eta hondoratu egiten zinen. Oinez ere egin behar izan dugu, nola ez. Momentu batzuetan bidetik atera egiten ginen, behegain egokiago bat zegoen lekutik joateko. Haizeak ere hondarra mugitzen du, eta horrek behegainean mendixka txikiak bezala sortzen zituen. Horien gainetik joatea ere ez zen erraza izan.
Bigarren etapan ere ezustekoa eduki zenuten…
Bai. Hasi ondo egin ginen. Paisaia politak, beste tarte batzuetan oso monotonoa… Eta halako baten arroil batera heldu ginen. Garai batean ura pasatzen zen bidea estu-estua zen, justu-justu bizikleta sartzeko bestekoa. Ezin aurrera eginda ibili ginen. Oinez, bizikleta arrastaka… Leku polita zen, baina tarte hori gogorra izan zen. Azken finean, oinez egin beharrak ez du probaz gozatzen uzten. Guk nahiago dugu ibilbideak kilometro gehiago edukitzea baina dena bizikletaz egin ahal izatea, ez oinez.
Oinez egiteak frustrazioa sortu zizuen?
Etapa gogorra izateak ez digu horrenbeste ardura. Azken finean, bizikletan ibiltzen badakigu. Baina oinez egin beharrak frustrazio moduko sentsazioa sortzen zigun. Orokorrean, fisikoki baino, psikologikoki izan da proba gogorra.
Oinez egin behar izateagatik?
Azken finean, zu bizikleta proba batera bazoaz, bizikletan ibiltzeko da. Eta zeure burua oinez ikusten duzunean, eta ezin aurrera eginda, eta kilometroak pasa eta pasa, sufrimendu bat sortzen da. Horrek psikologikoki eragiten dizu. Oinez egin nahi badut mendi martxa batean izena ematen dut, ez bizikleta martxa batean. Bestetik, desertuan paisaia gehiena berdina da, eta horrek ere psikologikoki eragin egiten du. Burutik asko tira egin behar izan dugu.
Hirugarren eta laugarren etapetan dena eman duzue.
Bai. Osasun aldetik ondo bilatzen ginen, eta etapa ere polita izan zen, batez ere hasierako 30 kilometroak. Niretzako etaparik politena izan zen. Azken kilometroak desertuan izan ziren, eta ez zen horrelako entretenigarria izan. Eta laugarren etapan ere dena eman genuen, ondo aurkitzen ginelako.
Orokorrean, Titan mailako proba bat izan da?
Bai, maila hori bazeukan. Entrenatuta joan behar da, bai edo bai. Nahiz eta lau etapa eduki, gogorra izan da.
Etapa bat egiten zaudela zerbait gertatuz gero, antolakuntzakoek laguntzen dute?
Parean gertatzen badira bai, baina bestela ez. Zu zeu konpondu behar zara. Titan Desert egitean zorabiatu nintzenean lagundu zidan bategaz aurkitu nintzen. Gero berak min hartu zuen, eta bost urtean sei ebakuntzan egin dizkiote. Oraingoan, hari gurpila apurtu zitzaion, batek eta besteak emandako gauzekin konpondu behar izan zuen.
Norbaitek Titan Series Saudi Arabian egiteko asmoa daukala esate badizu, zer esango zenioke?
Ez nioke esango ez joateko, baina bai gurpil egokiak eramateko. Nik ez nituen egokienak eraman, eta hori da garrantzitsuena. Orain buruan beste ideia bat sartu zait: Titan Desert ez nuela berriro egingo esaten nuen lehen, baina, orain, gurpil zabalak dituen fat bike deritzon bizikleta bategaz joateko zer edo zer sartu zait.
Beste proba bat egiten pentsatzen hasita zaude ala?
Ba, egia esan, Mexikon egingo dute azaroan Titan Series. Eta hara ere joango nintzateke. Momentuz, baina, nahi bat baino besterik ez da.
Bestetik, udan burutuko duzun Agertxo Pirata proiektu solidarioaren aldeko ekarpenak ere goraka doaz. Zer deritzozu?
Alde horretatik oso pozik nago. Saudi Arabian ere parte hartzaileen artean horren berri eman dut, eta batzuek interes handia erakutsi dute. Diru ekarpenekin oso pozik nago. Azken finean, nire helburua gutxienez kilometro bakoitzeko euro bat lortzea zen; 600 kilometro dira, eta, momentuz, 1.300 eurotik gora lortu dira. Beraz, 600 euroko langa hori gainditu da, eta hori poztekoa da.
LOTUTAKOAK: #AgertxoPirata proiektu solidariorako DIRU EKARPENA egin nahi?