Eizagirre anaiek herriko historia jaso dute 'Berriatua, ahaztu behar ez den historia' liburuan
1974an Ondarroagaz anexionatu zen Berriatua, eta 1983an desanexionatu. Besteak beste, desanexio batzordeko kideak izan ziren Juan Luis eta Jose Antonio Eizagirre.
Berriatuko desanexioaren historiaren parte dira Juan Luis eta Jose Antonio Eizagirre anaiak. Prozesuan bizitakoa ez dute ahazteko eta herritarrek egindako borroka zein garai hartako hamaika dokumentu ofizial bildu dituzte Berriatua, ahaztu behar ez den herria liburuan.
1974an Ondarroara anexionatu eta 1983an lortu zuten desanexioa. Baina, prozesu luzeak eta konplexuak izan ziren eta hori kontatzen dute liburuan. 1977an sortu zuten desanexio batzordeko kideak izan ziren Eizagirre anaiak. Baina, aurretik ere auzian erabat konprometituta egon ziren.
Lan mardula eduki dute. Dokumentu asko eurek eduki dituzte eta dokumentu ofizialak bilatzeko lanean ere aritu dira, aldundian, batzar nagusietan, Ondarroak eta Berriatuko udaletan, Bizkaiko Artxibo Historikoan zein espainiar estatuko hainbat instituzio eta epaitegitan.
Bospasei urtetan bueltaka ibili dira eta dena antolatzen ere nahiko behar egin dute. 21 kapitulu ditu liburuak, hiru zatitan banatuta: anexioa, desanexioa eta aldizkari eta egunkarietako argitalpenen estekak. «Behar asko eman digu; gauza asko pasatu ziren eta dokumentazio asko daukagu. Pentsatzen genuen hau egunen batean ez dugu idatziko? Guk egiten ez badugu ez du beste inork egingo. Gauza batzuk hor geratuko dira ilunean. Gu ginen gazteenak eta besteetatik %90 hilda daude», dio Juan Luis Izagirrek.
Historia garratza dela diote, baina amaiera zoriontsua eduki zuena, eta udalari eskerrak eman dizkiote argitaratzeagatik –liburua udaletxean eskuratu ahal da, 10 eurotan–.
Gertaera denak argitzea nahiko gogorra dela deritzote. Bizipen eta pasadizoak dira asko. «Esaterako, 1978an Madrileko abokatu batek 100.000 peseta eskatu zizkigun, orduko denboretan diru asko zen». Herrian eskabidea egin zuten eta ekarpena egin zutenen zerrenda jaso dute liburuan. «Etxez etxe joan ginen batzordeko 20 lagunak. Pertsona baten egun bateko jornala eman genuen bakoitzak 1.000 pezeta», zehaztu du Juan Luis Izagirrek. Ondarroako udalean zinegotzi izandako garaiko osoko bilkuren gai zerrendak ere gordeta zituen eta horiek ere sartu dituzte. Bai eta 1926an egindako anexio saiakerari buruzko informazioa ere.
20 bat urtetan bueltaka arituta, idatzi eta agiri asko bildu zituzten. «Nik gauza gordetzeko ohitura daukat. Asko akta ofizialak dira, baina, esaterako, orduko egunkarietako 80 bat ebakin ditut eta horiek sartzea ezinezkoa zen. Desanexiorako egin zen ikerketa sozioekonomikoak 500 bat orri ditu eta guk hiruzpalau orriko laburpena egin dugu».
1965eko abenduan Gobernu Zibiletik idatzi bat ailegatu zen udalera; ezustean hartu zuten. Orduan hasi zen auzia
Hiru udaletxe. Herrian hiru udaletxe ezagutu dituzte eta horiei buruzko informazioa eta argazkiak ageri dira. «56ko urtarrilean lehen udaletxea erre zen, eta ordura arteko dokumentu barik geratu ginen».
Behartutako anexioa izan zela azpimarratu dute, berriatuarren iritziaren kontra hartutako erabakia: «Gobernadoreari esan genion aukeratzen uzteko. ‘Zergatik ezkondu behar gara Ondarroagaz? Zegatik Lekeitiogaz edo Markinagaz ez. Desagertu behar baldin bagara, desagertuko gara, baina guk topatuko dugu zeinegaz ezkondu’ esan genion». 1960ko azterketa bat aitatzen dute liburuan eta Bizkaiko 112 udalerrietatik 53ra pasatu behar zirela jasotzen du.
Jose Antonio Eizagirrek azaldu duenez, 1965eko abenduan Gobernu Zibiletik idatzi bat ailegatu zen udalera; ezustean hartu zuten. Orduan hasi zen auzia: «Abuztuan diputazioan hartu zuten anexioaren erabakia. Gobernadorea militarra zen eta hark agintzen zuen han eta leku guztietan. 65ean idatzia heldu arren, eta 69ean hartu zuen erabakia gobernuak; apirilean argitaratu zen dekretua eta errekurtsoa aurkeztu genuen».
Anexioaren zein desanexioaren tramitazioak konplexuak izan zirela gogoratu dute, luze jo zuten. Lehen idatzia herrira heltzean «alarma piztu zela» aitatu dute. Bozketa egin eta gehiengoak anexioa ez zuela gura erantzun zuen. Bozketaren berri eman zioten gobernadoreari. Anaiek diotenez, pertsona nagusiak zeuden udalean eta ez zekiten zer egin. «67ko martxoan Itargi sozietatea sortu eta han udalean zeudenei lagundu egin behar geniela erabaki genuen».
Anexioaren kontrako alegazioak aurkeztu zituzten udalak batetik eta herritarrek bestetik. 1977an anexioaren kontra zeudela adierazteko 528 sinaduragaz aurkeztutako alegazioa ere badute, abuztuaren 24ko datagaz. Madalena auzoko 114 herritarrena ere badute: «Horiek anexioaren aldeko agiria aurkeztu zuten, esanez eurei Ondarroa izatea komeni zitzaiela eta guk ulertzen genuen han bizi zirelako. Erakunde ofizialen iritziak ere bildu zituen gobernadore zibilak bere espedientean, osasun eta zerbitzu teknikoenak esaterako. Baina denen buru bera zen; berak bere buruari bidaltzen zizkion. Ondarroako lau enpresa garrantzitsuenek ere anexioa onuragarri zela adierazi zuten. Horiek udalak prestatutako idatziak sinatu zituzten. Idatziak berdinak ziren, enpresaren izena aldatzen zen bakarrik». Eizagirre anaien berbetan, gobernadore zibiliak anexioagaz aurrera egitea erabaki eta gobernantza ministeriora bideratu zuen eta han ere onartu zuten. Estatu kontseiluak ere aldeko txostena egin zuen.
Auzitegi Gorenera. 1969ko martxoaren 21ean Francoren Ministro kontseiluak anexioa onartu zuen, eta ministro zeudenen zerrenda ere liburuan dago. Errekurtsoak aurkezteko epea zegoen eta hori egin zuten.«Madrilgo abokatu batek esan zidan irabazteko aukera gutxi genituela baina prozesua luzatzeko aukerak bazeudela, gelditu ahal zela. Errekurtsoa aurkeztuta prozesua geratu, eta ministro kontseiluak laupabost hiletan hartu behar zuen errekurtso horren erabakia. Azkenean sei hilabetera berretsi zuten», azaldu du Jose Antonio Eizagirrek. Erantzuna heldu bitartean dokumentazioa prestatu eta auzitegi gorenera jo zezaketela esan zien abokatuak, eta horrela, auziak laupabost urte iraungo zituela: «Abokatua topatu eta udalak eta herriak horrela egitea erabaki zuten. Herri txiki batek halako prozesu bat geldiarazi zitekeenik ez zuen inork pentsatzen. Uste dugu Espainian Francoren erabakiaren kontra auzitegi gorenera heldu zen herri bakarra izan zela Berriatua».
1974an geratu ziren udal barik, eta hiru urteko «ilunantzaren ostean», erabaki irmoa hartu zuten berriatuarrek. 77ko apirilean batzarra egin eta desanexio batzordea sortu zuten
73ko azaroaren 12an auzitegi gorenak erabakia berretsi eta Gabon Egunean manifestazioa egitekoak ziren protesta modura. Baina Carrero Blanco hil zutenez, ez egitea erabaki eta urtarrilean egin zuten. «Apirilean osoko bilkura bana egin zen hemengo eta Ondarroako udaletan, anexioa gauzatzeko. Berriatuan jende asko batu eta erabaki zen inor ez joatea. 250 familia buruk erabaki zuten Ondarroako deialdira ez joatea. Handik hiru egunera bigarren deialdia egin zuten eta orduan ere, ezta maiatzeko hirugarren deialdira ere. Diru zein kartzela zigorrekin mehatxatu zituzten alkatea eta zinegotziak, baina anexioa sinatu barik geratu zen».
Halere, 1974an geratu ziren udal barik, eta hiru urteko «ilunantzaren ostean», erabaki irmoa hartu zuten berriatuarrek. 77ko apirilean batzarra egin eta desanexio batzordea sortu zuten: «212 boto egon ziren banatzearen alde eta egoera horretan geratzearen alde. 20 laguneko batzordea osatu eta soziedadean egiten genituen batzarrak. Aktak jasotzen genituen, zer egiten ari ginen jasota dago horietan».
Hauteskundeak zetozela eta, Ondarroako Udalera zinegotzi moduan nortzuk joan erabakitzeko ere bozketa bat egin zuten. «Madrileko abokatuak esan zigun desanexioa lortzeko egokiena Ondarroako Udalean ahalik eta zinegotzi gehien sartzea zela, udalean batzorde bat osatzeko». Herri guztia batuta zegoela nabarmendu dute: «359 herritar batzartu ginen. Esaten ziguten kanpoan ostikoka egonda ez genuela ezer lortuko. Independiente moduan joan nahi genuen, baina kontuak atera eta 500 bat botogaz zinegotzi bat atera genezakeela ikusi zen. EAJkoek zerrendako bigarren, laugarren, zazpigarren eta hamargarren postuak eskaini zizkiguten. Hamazazpitik–EAJ 10, HB 5 eta LKI 2– bost zinegotzi ginen Berriatukoak, gu lau eta bestea LKIkoa», azaldu Juan Luis Izagirrek.
Udalean desanexio batzordea eratu zuten. «Apirilean zinegotzi kargua hartu eta maiatzean Ondarroako Udalak adierazi zuen anexio behartua ez zuela onartzen eta Berriatuari bere udalerri izaera onartzen ziola. Desanexio prozesuari babesa erakusten ziola eta laguntzeko konpromisoa hartzen zuela adierazi zuen.Hori izan zen denaren hasiera». Gero, Berriatuko udaletxean batzarrak egiten hasi ziren eta 1980an mugak moldatu zituzten. Esaterako, Milloi Berriatua izatea onartu eta Madalena eta hondartza Ondarroaren esku geratu ziren. Eztabaidak egon ziren normala den moduan, baina akordioa lortu zen».
81ean Berriatuko zinegotziek karguak utzi zituzten: «Berriatuko gaiak guk erabakitzen genituen batzordean eta Ondarroan ontzat ematen zituzten osoko bilkuretan». 82ko abenduan Ondarroako Udalean desanexioa onartu zen. Aldizkari ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epea egon zen errekurtsoak aurkezteko; ez zen egon alegazioarik. Beraz, erabakia berretsi, eta 83ko otsailaren 25ean ebatzi zuten.
Aldundiak ontzat hartu, Batzar Nagusietan azaroan 8an onartu eta Eusko Jaurlaritzara bidali zuten espedientea. Azaroaren 25an agertu zen boletin ofizialean eta abenduaren 11an jaialdia egin zuten :«Eliza parean egindako zuhaitz landaketaren eta herri bazkariko argazkiak daude liburuan».