Lekeitioko Beteranoen Txapelketako lehia estutzen hasi da
Seigarren jardunaldia jokatuko dute domekan [otsailak 16] pilotariek. Bikoteak berdinduta daude puntutara eta azken partida biak erabakigarriak izango dira.
XV. Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketaren seigarren jardunaldia jokatuko dute domekan [otsailak 16] pilotariek. Ligaxka amaitzeko jardunaldi bi besterik ez dira falta, eta lehia estutzen hasi da jadanik. Domekan lau partida jokatuko dira 09:30ean hasita.
Eguneko lehenengo norgehiagoka Gandiaga anaiak eta Madariaga-Urkiaga bikoteen artekoa izango da. Eibartarrak berriatuarrak estu hartzen saiatuko dira, baina Gandiaga anaiek ez dute partidarik galdu oraindik, eta txapelketa irabazteko faboritoen artean daude.
10:15ean aterako dira trinketeko kantxara Rober-Conde eta Jaunarena-Egaña. Antolatzaileen ustez, partida orekatua izan daiteke, baina Jaunarena eta Egaña irabaztera derrigortuta daude azken-aurrekoetara heltzeko aukerak izan nahi badituzte.
Emozioz beterikoa izango da bai eta ere, Beraza-Telleria eta Hidalgo-Txapartegi bikoteek 11:00etan jokatuko duten partida. Iazko azpi txapeldunak faboritoak dira, baina aurrez aurre izango duten bikote berria ere ez da atzean geratzen. Hasieratik, gainera, joko maila hobetu dute nabarmen.
Domekako azken norgehiagoka Moral-Foster eta Asti-Pradera bikoteen artekoa izango da. 11:45ean dute jokatzeko ordua ezarrita bikoteek. Bikote biak berdinduta daude puntutara, eta beraz, norgehiagoka polita espero dute antolatzaileek.
Ligaxkako azken bi partiden faltan, hurrengoa da orain arteko sailkapena:
1.- Gandiaga anaiak : 5 puntu
2.- Madariaga-Urkiaga : 4 puntu
3,4,5.-: Beraza-Telleria, Asti-Pradera, Martin-Foster : 3 puntu
6,7.- Rober-Conde, Jaunarena-Egana: 1 puntu
8.- Txapartegi-Hidalgo : 0 puntu
Antolatzaileek nabarmendu duten modura, dema estua dago 3. eta 4. posturako, eta berdinketa egonez gero, ligaxkako azken jardunaldian partida bat jokatu beharko dute bikote horien artetik zein sailkatzen den erabakitzeko.