Arrigorriko bodyboard txapelketa jokatuko da asteburuan, Ondarroan
Bi egunetan txapelketa marea altua dagoenean egingo dute, 07:30etik 12:00ak bitartean.
Beste behin ere Arrigorriko Bodyboard Txapelketa lehiatuko dute Ondarroan. Txapelketa zapatuan eta domekan [otsailak 15 eta 16] lehiatuko da. Zehaztu dutenez, txapelketa egin ahal izateko marea altua behar denez, bi egunetan 07:30etik 12:00ak bitartean egingo dute.
Aurreko urteetan egin modura, oraingoan ere txapelketa musikagaz girotuta egongo da. “Txiringitoan musika eta jan-edana egongo da”.
Euskalmeten iragarpenen arabera, eguraldi ona egingo du bi egunetan; olatuak ere 3,85 eta 3,52 metro artean ibiliko dira. Beraz, giro onagaz, herritarrek ikuskizun politagaz gozatu ahalko dute, eta txapelketa ere normaltasunez egin ahal izango da.