Berriatuko III. Nesken Zesta Punta Txapelketaren ligaxkaren azken jardunaldia jokatuko dute asteburuan
1. mailan Ihart-Eneritz eta Casandra-Izaro bikoteen partiduagaz amaituko dute ligaxka, zapatuan 16:00etatik aurrera. Finalaurrekoak otsailaren 29an lehiatuko dituzte.
Berriatuko III. Nesken Zesta Punta Txapelketaren ligaxkako azken partidua Ihart berriatuarrak eta Eneritz mutrikuarrak Casandra mexikarraren eta Izaro markina-xemeindarraren kontra jokatuko dute, zapatuan [otsailak 15] 16:00etan hasita.
Horrela, finalaurrekoetara sailkatzen diren bikoteak erabakita geratuko dira. Hiru mailetan banatu dute txapelketa, eta hiruren final erdiak otsailaren 29an (zapatua) lehiatuko dituzte, eta finalak martxoaren 7an (zapatua).
Hain zuzen, 1. mailakoen ligaxkako azken partidua da biharkoa, eta bikote irabazlea maila horretako laugarren sailkatua izango da. Hauek dira finalaurrekoetan ariko diren beste hiru bikoteak: Maialen-Nahia (Berriatua), Maite (Zumaia)-Arai (Markina-Xemein) eta Naroa (Donostia)-Maddi (Markina-Xemein). “Hiru taldetan aritu dira eta multzo bakoitzeko onenak eta bigarren sailkatu den bikotea sailkatuko da. Puntuen arabera jokatuko dute; lehenengoen artean puntu gehien lortu dituen bikotea puntu gutxien lortu dituenaren kontra ariko da (hau da, laugarren bikote sailkatua) eta beste biak elkarren kontra”.
2. mailan bi multzotan aritu dira, eta finalaurrekoetan, A taldeko onena B taldeko bigarrenaren kontra ariko da eta B taldeko onena A taldeko bigarrenaren kontra. A taldeko lehen sailkatuak Aroa (Tolosa)- Oaia (Mutriku) eta bigarrenak Elena (Durango)-Uzuri (Markina-Xemein). B taldean Burne-Erika (Markina-Xemein) dira lehen sailkatuak eta bigarrenak Lur (Markina-Xemein)-Frida (Zumaia).
3. mailako umeek, berriz, kinielak jokatuko dituzte.