Lea-Artibai Amankomunazgoak etxez etxeko laguntza zerbitzua lehenetsiko du aurten
Asteon onartu dute aurtengo aurrekontua, herrietako ordezkarien "iritzi eta ekarpenak kontuan edukita eta guztiak ontzat emanda". Etxeko Laguntza Zerbitzuko araudi berria jarriko dute martxan.
Lea-Artibai Amankomunazgoak 4.253.024,83 euroko aurrekontua aho batez onartu du asteon. Lehentasun nagusia gizarte zerbitzuak izango direla esan dute ordezkariek. “Alor horretan, etxez etxeko laguntza zerbitzua lehenetsiko dugu”. Aurrekontua Amankomunazgoa osatzen duten herrietako ordezkarien “iritzi eta ekarpenak kontuan hartuta eta ontzat emanda” onartu dutela gaineratu dute.
Aurrekontua iazkoa baino 30.000 txikiagoa da, eta hori gastua arrazionalizatzearen ondorio dela esan dute. Gizarte zerbitzuetara 2.320.499,17 euro bideratuko dituzte. Berrikuntza nagusiena Etxeko Laguntza Zerbitzuko araudi berria martxan jarriko dutela da. “Bizkai, Gipuzkoa eta Araban indarrean dagoen antolamendua kontuan edukita, Amankomunazgoak Gizarte Zerbitzuei buruzko araudira egokitu beharra zeukan”. Araudi berri horrek “zehaztasun gehiago” dakartzala diote. “Menpekotasun egoeran dauden, egoeran horretan egoteko arriskua duten edo egunerokotasuneko zereginak egiteko zailtasunak dituztenei laguntzea da helburua”.
Etxeko laguntza zerbitzua prebentzio zerbitzua ere badela azaldu dute, “batez ere zerbitzuaren erabiltzaileak euren etxebizitzetan bizitzen jarraitu ahal izateko”. Horrez gain, laguntza hori jasotzen duten pertsonen bakardadea saihestea eta euren gizarteratzea bultzatzea ere zerbitzuaren baitan jasotzen direla diote.
Araudi berria indarrean sartuta laguntza pertsonala lehenetsiko dela diote. Zehaztu dutenez, etxeko arreta jaso ahal izango dute laguntza pertsonaleko zerbitzua jasotzen dutenek edo menpekotasun arriskuan daudenak. “Araudi berriak egunerokotasuneko zereginak egiteko zailtasunak dituzten pertsonak definitzen ditu”.
Araudi berria indarrean jartzeko erabakia “zerbitzu hobea” eskaintzeko hartu dutela diote. Horrek, baina, zerbitzu osoa berriro ere aztertzea suposatzen duela argitu dute. “Pertsona bakoitzari ematen zaion laguntza mota, intentsitatea, egiten diren zereginak eta zerbitzu horregatik familia bakoitzak ordaintzen duen kuota eguneratu beharko dira”. Dena dela, prozesu hori guztia datozen hilabeteetan egingo dute. “Urrirako zerbitzu eta kuota berriak kalkulatuko dira”. Berrazterketa egiteko, onuradunen etxebizitzetara bisita bat egingo dute gizarte langileek; bisita egunak onuradunekin adostuko dituzte. “Bisita horietan pertsonen premien balorazio berria egingo dute”.
Gaur egun zerbitzu hori jasotzen duten 194 familia daude Lea-Artibain: 69 Ondarroan, 56 Lekeition, 44 Markina-Xemeinen, 14 Etxebarrian, 7 Berriatuan eta 4 Ispasterren.
Menpekotasuna duten pertsonen zaintzaileei ere arnas zerbitzua eskainiko zaie. “Zaintzen duten pertsonaren menpekotasunaren balorazioaren arabera, urteko ordu poltsa bat emango zaie”
Zabor bilketari dagokionez, 1.593.543,44 euroko diru saila bideratuko dute. “Hondakinen sailkapena bultzatu eta handitzeko, herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpainak bultzatzen jarraituko dugu”.
Amankomunazgoan lan egiten duten 60 langileen soldatak %2 igotzea ere onartu dute. “Igoera horrek 38.000 euro inguruko kostua suposatuko du”.
Aurrekontuaren helburua herritarrentzako “kalitatezko zerbitzuak” eskaintzen jarraitzea dela esan dute, “denontzako eskualde hobe bat sortzeko”.