Gandiaga anaiak, Beteranoen trinketeko txapelketaren sailkapenaren buru
Domekan [otsailak 16] jokatutako jardunaldian ere garaipena lortu zuten Madariaga eta Urkiaga eibartarrei irabazita. Txapelketan aurrera egiteko aukera eskuetan dute.

Gandiaga anaiak nagusi izan dira oraingoan ere Lekeitioko trinketean jokatzen ari diren Beteranoan Eskuz Binanako Txapelketan. Ligaxkaren amaierarako jardunaldi baten faltan sailkapenaren buruan jarraitzen dute berriatuarrek 6 puntugaz. Domekan [otsailak 16] jokatutako jardunaldian ere garaipena eskuratu zuten Madariaga eta Urkiaga eibartarrei 30-13 irabazita, eta aurrera egiteko aukera eskuetan daukate.
Madariagak eta Urkiagak, berriz, 4 puntu dituzte momentuz, eta 2., 3. edota 4. posturako borrokan jarraitzen dute. Domekan ezustekoa emateko gai izango zirela zirudien, eta beste puntu bat eskuratu, baina ezin izan zuten Gandiaga anaien aurka ezer egin. 5-7 irabazten hasi ziren eibartarrak, baina 7ra berdindu zuten Gandiaga anaiek, eta ihesaldiari ekin zioten 20-7ko aldea ere aterata. Galtzaileak ondo ezin kokatuta ibili ziren, irabazleak, ostera, trinketean ondo moldatzen direla erakutsi zuten.
Berazak eta Telleriak beste puntu bat batu dute asteburuan, eta Madariaga eta Urkiagaren pare jarri dira 4 puntugaz. 30-20 irabazi zieten Txapartegi eta Hidalgori, eta borrokan jarraitzen dute. Iazko azpi txapeldunek jokaldi politak eskaini zituzten, batez ere aurreko koadroetan. “Beraza gorantz doa, eta naiz eta pilota batzuk txapara bota, ondo ibili da”. Txapartegik eta Hidalgok momentuz, ez daukate punturik, hala ere, hobekuntza izan dutela diote txapelketaren antolatzaileek, “kontuan izanda aurtengoa dela euren estreinaldia”.

Hidalgo pilota bueltatzen. Argazkia: Julian Arrate
Jaunarena eta Egaña eta Rober eta Conderen arteko norgehiagoka lehiatua izatea espero zen, baina ez zen jokatu. Txapelketaren arduradunek azaldu dutenez Conde nahastu egin zen, eta ez zen sasoiz partidura ailegatu. Bere ordez Hidalgok jokatu zuen eta Roberregaz partida irabazi, baina partida ez zen txapelketarako baliagarria izan eta Jaunarenak eta Egañak beste puntu bat batu zuten, bi dituzte momentuz.
Azken partida Moral-Foster eta Astigarraga eta Praderaren artekoa izan zen; Partida luze eta lehiatua. Pilotari guztiek maila handia erakutsi zuten, eta emozioa izan zen nagusi azken tantora arte. Moral eta Foster lekeitiarrak irabazten hasi ziren 12-3, baina Astigarragak eta Praderak partidari buelta eman zioten markagailua euren alde jarriz: 22-27. Baina lekeitiarrek ez zuten etsi, eta jokoa estutu zuten 28. tantoan eta 29. tantoan berdinketak lortuz. Garaipena, beraz bataren zein bestearen markagailura joan zitekeen azkenean, eta etxekoen aldera erori zen, 30-29 irabazi zuten Moralek eta Fosterrek. Lekeitiarrak, beraz, batu dute puntua, eta 4 puntugaz 2., 3. edota 4. posturako borrokan daude Beraza-Telleria eta Madariaga-Urkiaga bikoteekin batera.
Honela dago sailkapena, ligaxkaren jardunaldi baten faltan:
1. Gandiaga anaiak: 6 puntu
2.3. eta 4. Beraza-Telleria, Martin-Foster eta Madariaga-Urkiaga: 4 puntu
5. Asti-Pradera: 3 puntu
6. Egaña-Jaunarena: 2 puntu
7. Rober-Conde: puntu 1
8. Txapartegi-Hidalgo: 0 puntu