Euskara ikasten duten herritarrei diruz lagunduko die Ziortza-Bolibarko Udalak
HABEk homologatutako euskaltegi publikoetan zein pribatuetan egindako ikastaro edo ikasketengatik emango dute diru laguntza. Herritar bakoitzak gehienez 150 euro jaso ahalko ditu.
2019-2020 ikasturtean euskara ikasketak zein ikastaroak beteko dituzten bizilagunei diru laguntzak ematea onartu du Ziortza-Bolibar Elizateko Udalak. Erroldatutakoek jaso dezakete laguntza, HABEk homologaturiko euskaltegi publikoetan zein pribatuetan egindako ikastaro edo ikasketengatik.
Urte osoko ikastaroetan nahiz aurtengo uztailean, abuztuan edo irailean egingo dituzten ikastaro trinkoetan edota barnetegietan parte hartuko duten herritarrek eskatu ahalko dute diru laguntza. Barnetegietako ikasleek soilik matrikula gastuetarako jasoko dute laguntza. Ikastetxeek edo guraso elkarteek eskolaz kanpoko jarduera moduan antolatutako ikastaroak ez dituzte onartzen.
500 euroko laguntza aurreikusi dute, eta bizilagun bakoitzari gehienez 150 euro emango dizkiete. Eskabideak Ziortza-Bolibarko Udal Erregistroan aurkeztu behar dira, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Aurkezteko epea azaroaren 6an bukatuko da. Gero, prozedura amaitu, ebatzi eta jakinarazteko epea azaroaren 30ean amaituko da.
Informazioa eta eskaera orria udal bulegoetan eta udaleko webgunean (www.ziortza-bolibar.eus) daude. Eskatzaileak eskaera orria eta NANaren fotokopia aurkeztu behar ditu. Adin txikikoak badira, eskaera gurasoren batek edo tutoreak egin behar du, familia-liburua aurkeztuta.
Euskaltegiak egindako ziurtagiria aurkeztea ere beharrezko da. Horretan, matrikula gisa ordaindu den zenbatekoa, egindako maila edo mailak eta horiek gainditu diren ala ez, eta ikastaroan emandako orduak eta ikasleak jaso dituenak zehaztu behar dituzte. Diru laguntza jaso ahal izateko, gutxienez, ikastaro orduen %85a bete duela egiaztatu beharko du eskatzaileak.
Akatsak egon edota zerbait falta izanez gero, eskatzaileei jakinaziko diete, eta bi laneguneko epea izango dute zuzentzeko.