Uztailaren 1etik 31ra egingo dute EuskarAbentura Espedizioa
Parte hartu nahi duten gazteek motibazio gutuna eta proiektu bat aurkeztu behar dituzte, martxoaren 15era bitartean. 2003-2004 jaiotako 120 gazte batuko ditu ekimenak.

EuskarAbentura Espedizioa 2020 uztailaren 1etik 31ra egingo dute Maulen hasi eta Getxon amaituz. Parte hartzeko interesa daukatenek, baina, martxoaren 15era arte daukate izena emateko aukera. Munduko gazte euskaldunen sare bat osatzea da ekimenaren helburua, eta beraz, Euskal Herritik kanpoko parte hartzaileak bilatzen dituzte; aurreko urteetan Argentinako, Suediako eta Washingtoneko kideak izan dituzte.
2003an eta 2004an jaiotako 120 gazte batuko dira hirugarren urtez jarraian Euskal Herria zeharkatuko duen espedizioan. Parte hartzeko euskaraz jakitea ezinbestekoa da eta izena emateko derrigorrezkoa da motibazio gutuna eta proiektu bat aurkeztea baita www.euskarabentura.eus webgunean dagoen galdetegia ere (gaztearen eta tutore/gurasoen datuekin).
Gutunean 450-500 hitzetan kontatu behar dute EuskarAbenturan zergatik parte hartu nahi duten,espediziotik espero dutena, zein ekarpen egingo dioten taldeari etab. Banakako proiektua edo lana honako gai bati buruzkoa izan behar da: Euskal emakume sortzaileak, natura plastifikatua edo Mugak gaindituz, integraziora bidean. Eta sei formatu edo modu daude: historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, musikala (audioa), plastikoa (artelana) eta sormen digitala.
Ikus-entzunezkoa, musikala, plastikoa eta sormen digitala aukeratzen dutenek, azalpen testuak ere egin beharko dituzte. Lan plastikoen kasuan, artelan originalak posta arruntez bidali beharko dituzte helbide honetara: EuskarAbentura Elkartea. Errotatxu industrialdea z.g 48993 Getxo (Bizkaia).
Espedizioaren webgunean dago gaiei zein formatuen ezaugarriei buruzko informazioa.
Apirilaren 15ean argitaratuko dute hautatutakoen behin-behineko zerrenda, eta horiek eskatuko zaien dokumentazioa eta bermearen ziurtagiria bidali beharko dute izenemate@euskarabentura.eus helbide elektronikora, apirilaren 29ra bitartean. Zerrendako norbaitek bermea ordaindu ezean edo parte hartzeari uko eginez gero, itxaron zerrendakoei esango diete.