Lekeitioko Beteranoen eskuz Binakako Txapelketak emozioz bete amaituko du ligaxka
Hainbat bikote berdinduta daude sailkapen orokorrean, eta derrigorra izango dute azken partida irabaztea finalaurrekoetarako sailkatzeko. Guztira, lau partida jokatuko dira domekan [otsailak 23] 09:30etik aurrera.
Emozioa izango da nagusi domekan [otsailak 23], Lekeitioko trinketean. Bertan jokatzen ari diren XV. Beteranoen trinketeko Esku Pilota Txapelketa heldu da ligaxkaren amaierara, eta lehia espero da. Izan ere, hainbat bikote berdinduta daude sailkapen orokorrean, eta derrigorra izango dute azken partida irabaztea finalaurrekoetarako sailkatzeko.
Guztira, lau partida jokatuko dira, 09:30etik aurrera. Lehenengoak kantxara ateratzen Urkiaga-Madariaga eta Beraza-Telleria bikoteak izango dira. Bikote biak 4 puntutara berdinduta daude sailkapenean. Irabazten duenak, finalaurrekoetarako zuzeneko pasea lortuko du, eta besteak ere aukera eduki dezake, baina seguruenez, beste bikote bategaz berdinketa hauste partida jokatu beharko du. “Beraza eta Telleria, iazko azpi txapeldunak, dira faboritoak, baina eibartarrak zailtasunak jarriko dizkiete, bereziki Madariagaren sakeagaz”, diote txapelketaren antolatzaileek.
Bigarren partida 10:15ean hasiko da. Horretan Rober-Conde eta Astigarraga-Pradera neurtuko dira. Astigarraga debarra eta Pradera mallabitarra derrigortuta daude irabaztera, 3 puntu dituzte, eta faboritoak dira garaipena lortzeko. “Hala ere, Rober eibartarra sasoi onean dago eta dema polita ikusi dezakegu”. Gero, finalaurrekoetara heldu ahal izateko berdinketa hauste partidua jokatu beharko dute. Roberrek eta Condek, ordea, puntu bakarra daukate.
Hirugarren norgehiagoka hasi aurretik, taldeko argazkia aterako dutela aurreratu dute txapelketaren antolatzaileek. 11: 00etan jarri dute ordua argazkirako, eta 11:15ean hasiko da hurrengo lehia, Moral-Hidalgo eta Gandiaga anaien artekoa. Berriatuko anaiak, partida bat ere galdu barik, faboritoak dira. 6 puntu dituzte berriatuarrek, beste bikoteak, ostera bat ere ez. “Dena dela, ikusi egin beharko da zelan konpontzen diren lekeitiar biak bikote haundi honi aurre egiteko”.
Azken partida, 12:15etik aurrera erabakiko da. Martin-Foster lekeitiarrak eta Jaunarena-Egaña aurkituko dira aurrez aurre. Lekeitiarrek puntu oso garrantzitsua lortu zuten joan den astean, eta partida hau irabaziz gero, sailkatuta egongo dira. “Jaunarena nafarra eta Egaña Mendarokoa joko politarekin daude eta aurkari gogorrak izan daitezke”.