Emozioz bete amaitu da Beteranoen XV. Binakako Esku Pilota Txapelketaren ligaxka
Partida orekatuak jokatu zituzten bikoteek. Finalaurrekoen aurretik berdinketa haustea jokatu beharko dute barikuan Madariaga-Urkiaga eta Jaunarena-Praderak. Domekan jokatuko dira finalaurrekoak.
Emozioa izan zen nagusi domekan [otsailak 23] jokatu ziren Beteranoen XV. Eskuz Binakako ligaxkako azken partiduetan. Partida orekatuak jokatu zituzten bikoteek, eta jada finalaurrekoak ia erabakita geratu dira. Hala ere, berdinketa hauste partida bat jokatu beharko dute aurretik Madariaga-Urkiaga eta Jaunarena-Pradera bikoteek.
Domekako lehen norgehiagoka Beraza-Telleria eta Madariaga-Urkiagaren artekoa izan zen. 30-17 nagusitu ziren Beraza eta Telleria. Hasieratik hartu zuten abantaila, eta nahiz eta eibartarrek arima guztia ipini, ez ziren gai izan 2019ko azpi-txapeldunei aurre egiteko. “Berazak maisutasun handiagaz hainbat tanto egin zituen, eta Telleriak luze jokatuta Urkiaga atzean ezin mugituta eduki zuen”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. 23. tantoan eibartarrak lekuz aldatu ziren, baina probetxurik barik. “Madariagak defentsa bikaina erakutsi zuen lurretik hainbat pilota zail bueltatuz eta Urkiagak, bere 11 urteko semeak animatuta, bere onena eman zuen. Hala ere, elgoibartarra eta mallabitarra gehiago izan ziren, eta merezimendu guztiz eskuratu zuten finalaurrekoetarako txartela”.
Astigarraga eta Pradera izan ziren bigarren partidako irabazleak. 30-28 irabazi zieten Roberri eta Conderi. Nahiz eta Roberrek eta Condek jokoan ezer ez izan, txapelketako partidarik onena jokatu zuten, eta hurre egon ziren Astigarraga iazko txapeldunari eta bere bikote mallabitarrari susto galanta emateko. “Roberrek 28. tantoa sakez errebotera bialdu eta berdinketa lortu ondoren, bazirudien markagailuan buelta egongo zela, baina Pradera hurrengo sakea bueltatzeko gai izan zen eta Astik serio jokatuz azken bi tantoak euren aldekoak izatea lortu zuen”.
Hirugarren partiduan ez zegoen ezer jokoan, eta bikoteak berdinduta joan dira markagailuan. Erdi alderantz Iban Gandiaga bere jokoa egiten hasi zen, eta orduan handitu zuten abantaila markagailuan. 30-17 irabazi zieten Gandiaga anaiek Roberri eta Hidalgori.
Martin eta Foster lekeitiarrek lortu zuten azken jardunaldiko azken puntua. Aurretik joan ziren partida osoan, baina Jaunarenak eta Egañak ez zieten gauzak erraz jarri. 23-26, 24-27 eta 26-29 hurreratu ziren, markagailuan maila handia daukatela agerian utziz. Martin eta Foster euren jokoa egiten saiatu ziren, eta azkenean bere egin zuten garaipena. “Frontoiak hezetasuna izan zuen azken partidu horretan, eta Jaunarenarentzako arazo bat izan zen bere joko bikaina aurrean egiteko. Atzean ondo ibili zen Egaña eta kantxa dena babesten ahalegindu zen”.
Finalurrekoetarako berdinketa hauste partida barikuan [otsailak 28] 19:00etan jokatuko da. Partida orekatua espero dute antolatzaileek, eta irabazleak opari gutxi egin beharko dituela esan dute, “aurrera pasatu nahi badute”.
Domekan [martxoak 1] jokatuko dira, berriz, finalaurrekoak. Alde batetik, 09:30ean Beraza-Telleria eta Martin-Foster bikoteak neurtuko dira, eta bestetik, 10:30ean Gandiaga anaiak barikuan irabazten duen bikotearen kontra. 5. eta 6. postuak 11:30ean erabakiko dira, barikuko galtzaileek Roberren eta Conderen kontra neurtuko dituzte indarrak.
Martxoaren 15ean jokatuko dira bueltako partidak.