Hainbat aukerekin datoz Ondarroako eta Mutrikuko merkatu txikiak
Azokak domekan 10:00etatik 15:00etara zabalik egongo dira. Ondarroan Alamedan batuko dira dendariak, eta Mutrikun, berriz, Beheko Plazan.
Domekarako [martxoak 1] bestelako plan bat eskainiko die herritarrei Ondarroako eta Mutrikuko merkatariek; izan ere, udaberria ate joka dela eta, Ondarroan zein Mutrikun neguko parteko merkatu txikiak egingo dituzte. Ohi legez, dendetako aukerarik onenez gozatu eta stock-eko produktuak prezio onean erosi ahalko dituzte herritarrek.
Zatozte elkarteak antolatutako azoka Alamedan egingo dute 10:00etatik 15:00etara. 11:30etik 14:30era, gainera, umeentzako puzgarriak ere egongo dira aukeran. Eguraldiak laguntzen ez baldin badu, Berdura Plazara lekuz aldatuko dute azoka; kasu horretan, ez dute puzgarririk ipiniko.
Betiko modura, nahikoa denda batuko dira merkatu gunean. Hainbat erakusmahaietan banatuta, udazken eta neguko produktuen aukera zabala edukiko dute eskura erosleek; nagusi zein umeentzako arropak, kirol arropak, oinetakoak, telefoniako salgaiak, etxeko ehunkiak… Bertara doanak denetarik erosteko aukera edukiko du. “Aukera zabala egongo da, eta beti-betiko kalitatea eskainiko dute herriko dendariek, beti ere, preziorik onenean eta bezeroarentzat deskontu interesgarriekin”.
Mutrikuko merkatu txikiak ere Ondarroakoaren ordutegi bera izango du; 10:00etatik 15:00etara hainbat salmahai ipiniko dituzte Beheko Plazan. Mutrikuko Bertan merkatari elkarteko arduradunek iragarri dutenez, euria egiten badu, Merkatu Plazan egingo dute stock azoka.
Aurrekoetan modura, oraingoan ere, “kalitaterik onena, prezio ezinhobean” eskainiko dute Sabina, Txikixak, Ansorregi oinetakoek, SBB, Soul eta Maneiroko dendariek.