Neguko doinuak plazaratzera dator Ondarroako Unanue Kamara Korala
30. urteurrena ospatzen hasteko Neguko doinuak deritzon kontzertua eskainiko dute zapatuan, 20:00etan, Ondarroako Andra Mari parrokian. Hamar kantu sentikor taularatuko dituzte.
Ibilbide luzea duen taldea da Unanue Kamara Korala. Aurten 30. urteurrena ospatzen ari da taldea, eta horren aitzakiagaz, Neguko doinuak deritzon kontzertua antolatu dute zapaturako [otsailak 29]. Hitzordua 20:00etan ipini dute Andra Mari parrokian. Estibalitz Arrizabalaga zuzendariak jakitera eman duenez, zapatukoa 2020ko lehen kontzertua izango da, baita ere urteurren ospakizunetan artean lehena.
Abesbatza hamabost ahots zurik osatzen dute. Agertokian, gainera, Alba Idoiagabeitiagaz eta Unai Gallastegigaz lagunduta egongo dira. Idoiagabeitiak pianoa joko du eta Gallastegik, berriz, perkusioa.
Estilo askotariko hamar bat kantu taularatuko dituzte. Hain zuzen ere, euskarazko, gaztelaniazko eta latinezko kantu sentikorrak aukeratu dituzte. Unanue Kamara Koralekoek esan dutenez, kontzertua “oso hunkigarria” izango da.
Hunkigarria ezeze, ezustekoz betea ere izango dela aurreratu dute. Besteak beste, ez dute esku programarik aterako, eta kantuak eszenaratzeko era berezia izango dela azpimarratu dute . “Kantuak abestu ahala aurkezten joango dira. Melodiak eta melodiagaz lotutako poemen irakurketa tartekatuko ditugu. Berritasunen artean, gainera, ahoz aho ikasi dugun herriko kantu baten partiturako bertsioa abestuko dugu, esate baterako”.
Urteurren berezira begira, gainera, beste hainbat erronka dituzte begibistan Unanue Kamara Koralekoek. Maiatzean, esate baterako, Berlinera (Alemania) doaz, hango filarmonikagaz batera abestera. “Ludwig van Beethoven jaio zenaren 250. urteurrena betetzen da aurten. Gernika-Lumoko Gaudeamus abesbatzaren gonbidapena jaso dugu, eta haiekin batera bederatzigarren sinfoniaren azkenengo zatia abestuko dugu; laugarren mugimendua, zehatz esanda. Horregaz batera, Bersteinen salmo bat ere abestuko dugu nazioarteko beste hainbat abesbatzagaz batera”.